Lehen aldia izan du ikasturte honetakoa Gorbeialdeko Irakurle Klub Feministak. Kuadrillarako ekimen moduan jaio zen, berez, baina, izena eman zuten denak aramaioarrak izanda, herrian egin dituzte saio guztiak.
Sei herritarrek hartu dute parte, eta, Ainhoa Aldazabalen esanetan, "oso ondo" joan da: "Eurek egindako balorazioetan asko eskertu dute herrian bertan euskarazko eta, genero ikuspegitik, aisialdirako kalitatezko jarduera bat izatea".
Nabarmentzeko beste gauza bat da ekimeneko partaideak "hizkuntza kritiko literarioa eurenganatzen" joan direla saioak pasa ahala, eta baita "begirada aldatzen" ere: "Askotan, zailena da literaturara gerturatzea begirada feminista batekin, eta hori da guk eskaintzen dugun formakuntza. Kluba bada iritziak trukatzeko espazio bat, baina beti saiatzen gara formatzen edo tresnak eskaintzen ere. Etortzerako bazuten begirada feminista, baina hori literaturara aplikatzerakoan igarri da bilakaera lehen saiotik azkenekora".
Ekimenak jarraitu egingo du datorren ikasturtean; oraingoz, zehaztu ezin dena da saio guztiak Aramaion izango diren berriro. Urri erdialdera izango da lehena, eta programatuko dituzten liburuetako batzuk izango dira: Basa, Miren Amuritzarena; Moio. Gordetzea ezinezkoa zen, Kattalin Minerrena; 1362 km euri, Goizalde Landabaso eta Garazi Goiarena... "Aurrekoetan bezala, saiatuko gara programatzen genero literario guztiak: poesia, komikia... Komikian Tupust! programatuko dugu, hamasei emakumeren artean bikoteka egindako zortzi istorio".
Arrietarekin, saio irekia
Aurtengoari amaiera emateko, dena den, saio berezi bat falta da; irekia izango da, edonor joan daiteke. Yolanda Arrieta etorriko da, eta, bere Argiaren alaba liburua aitzakia hartuta, "Bizenta Mogelen garaia" erreproduzitzen saiatuko da "dinamika" baten bitartez: "Giro berezia sortzen da; idazle oso emankorra izateaz gain, hitz egiteko eta komunikatzeko gaitasun handia du Yolanda Arrietak, eta ziur nago primeran pasako dutela doazenek. Nik ikusi dut saio hori beste leku batzuetan, eta hunkigarria ere bada momentu batzuetan".
Saioa ekainaren 3an izango da, Sastiñan, 18:00etatik 20:00etara. Ez dago zertan Argiaren alaba irakurrita joan, nahiz eta interesgarria izan daitekeen Bizenta Mogel zein izan zen jakinda joatea.