Finalerdietara iristea, "oraingoz", helburu

Julen Iriondo 2019ko mai. 17a, 12:41
Pilotariak, aurreko astean Amurrion lehian hasi aurretik.

Aurreko asteburuan ekin diote Aramaioko pilotariek Arabako Herriarteko txapelketari; 2-1 galdu zuten Amurrion. Aste honetan, Maeztun jokatuko dute. Garrantzitsua litzateke ligaxkan lan ona egin eta final-laurdenetarako Gasteiz eta Laudio saihestea.

Kadete mailan irabaziz eta gazteen eta nagusien mailetan galduz ekin zion Aramaiok aurreko zapatuan Herriartekoari. 16-22 irabazi zuten Arriolabengoak eta Errastik euren partidua: "Hasi aurretik, garaipena zail ikusten zuen gure bikoteak, baina partidu ona egin zuten, eta irabazi", zioen Jon Herrarte entrenatzaileak. Beste bi partiduetan, berriz, emaitza bera izan zen: 22-8 galdu zuten bai Del Campok eta Kintanak eta baita Axpek eta Ruiz de Aldak ere. Hala ere, Herrarteren esanetan, nahikoa txukun jokatu zuten bi bikoteek; "pozik" zegoen.

Asteburuan izango da bigarren jardunaldia. Aramaioarrek Maeztun jokatuko dute: "Kadete mailan baditugu esperantzak; ondo jokatuz gero, irabazi dezakegu. Eta nagusietan, berdin". Bi partidu horiek bakarrik izango dira, gazte mailako Kintanak, eskuko minez, ezingo du-eta jokatu. Maeztuk ere 2-1 irabazi zion lehen jardunaldian Urkabustaizi –aramaioarren multzoko laugarren herria–.

Maezturi bi partiduak irabaztea –hirugarrena galdua du–, beraz, aurrerapausoa litzateke Aramaiok txapelketa honetan duen helburuari begira. Urkabustaizek irabazi egin zuen partidu bat Maeztun, eta aramaioarrek ikusten dute Urkabustaizi hiru partiduak irabazteko modua –hurrengo asteburuan, Aramaion–. Garrantzitsua litzateke hori, multzoko sailkapenean bigarren geratu –Amurrio faborito argia da lehen posturako– eta final-laurdenetan beste multzoko lehen biak –Gasteiz eta Laudio, ziurrenik–saihesteko. Final-laurdenak Agurainen edo Guardiaren kontra lirateke, horrenbestez, eta, hasiera batean, aukera gehiago lituzkete, horrela, finalerdietarako sailkatzeko.

Eta hori da, "oraingoz", helburua: "Talde polita dugu, eta zerbait egin daiteke aurten", dio Herrartek. Hurrengo astean, gainera, taldera batuko da Olaizola, Kintanaren ordez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak