Hauteskundeetarako osatutako zerrendarekin pozik da EH Bildu

Julen Iriondo 2019ko mai. 13a, 14:04
Zerrenda osatzen duten pertsonak, ordezkoak ere tartean.

Adierazi dute "herri bizitzan, esparru desberdinetan, parte hartzen duen jendea" izatea izan dela irizpide bat.

Lierni Altuna, Santiago Balantzategi, Ana Maria Martiarena, Iban Herrarte, Gorka Astondoa, Kristina Etxenausia, Oihana Ameskua, Jon Ortueta eta Monika Landaluze dira udal hauteskundeetarako EH Bilduren zerrenda osatzen dutenak.

Koaliziotik adierazi dute "genero ikuspegia" errespetatu nahi izan dutela, batetik, eta alde horretatik ondo geratu dela zerrenda. Horrekin batera, "kaletarren eta auzotarren" arteko oreka ere bilatu dute, azaldu dutenez: "Hori ere ondo irten da; zazpi auzotar eta bost kaletar daude [ordezkoak aintzat hartuta]". Zerrenda osatzeko azken irizpide moduan, Aramaioko "herri bizitzan, esparru desberdinetan, parte hartzen duen jendea" izatea nahi zutela azaldu dute: "Horrekin ere pozik gaude; aniztasuna badago, batzuek ikuspegi sozialagoa dute, beste batzuk ingurumen eta baso kontuetan ibili izan dira... denetik dago. Eta inportanteena, herriko jendea dela, jende ezaguna, gertukoa eta lanerako prest dagoena".

Alkategaiari dagokionez, berriz ere Lierni Altuna proposatzea "aho batez" hartutako erabakia izan dela azaldu dute: "Jendeak oso ondo ikusten du Lierniren lana". Amaitzera doan agintaldiaren balorazio baikorra egin du EH Bilduk.

Arabari eta foru hauteskundeei begira, berriz, EH Bilduk dio udalerri txikientzako potentzialitate handia duela Aldundiak: "Hor erabakitzen dira gauza asko, laguntza asko etortzen dira Aldunditik –Foru Planaren ingurukoak-eta–. Hori ondo kudeatzea inportantea da, eta EAJren kudeaketan badaude hutsune batzuk".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak