14 urtetik 18ra bitarteko Arabako bertsozaleak elkartu gura izan ditu hirugarren urtez txapelketa horrek, eta sei gazte elkartu ziren Legutioko oholtza gainean: Aramaioko bertso-eskolako Danel Herrarte, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi; Gasteizko bertso-eskolako Aroa Arrizubieta eta Eli Zaldua; eta Lautadako bertso-eskolako Beñat Cano.
Peru Abarrategi aramaioarrak, eskolarteko txapeldun ohiak, gidatu zuen saioa eta bertso dotoreak entzun zituzten elkartutakoek. Aroa Arrizubietak esperientzia, gogoa eta umorea erakutsi zituen, eta txapela Gasteizera eraman zuen bueltan. Iazko txapeldun Aitor Ugarte bigarren postuan geratu zen, hurrengo urtean gogotsu bueltatuko dela iragarriz.