'Klika' egin eta ibiltari bihurtu dute Korrika jaia

Julen Iriondo 2019ko api. 12a, 08:44

Duela lau urteko jaialdia.

Goizaldera iritsiko da Korrika Aramaiora, baina, behar den bezalako harrera egiteko, beroketa erara, hainbat ekintza izango dira herrian gaurtik aurrera. Umeen txanda izango da aurrena eta ginkana eta jaia egingo dituzte bihar, hainbat txokotan zehar. Pilota partidua ere egitarauaren barruan sartu dute; bertsolariek lagunduta egingo dute.

Korrika badator. Bihartik domekarako goizaldean, 02:00etan sartuko da Oletatik, eta ordu erdi ingurura iritsiko da San Kristobalgo txabola ingurura; 02:50ean du ordua Gureian, eta 03:00ak alderako ailegatuko da Ibarrara; 03:25ean zeharkatuko du Araba eta Gipuzkoa arteko muga, Arrasaterantz.

Bihar, hainbat ekintza izango dira giroa berotzeko. 11:00etan plazan hasita, ginkana herrikoia egingo da, ume eta nagusientzat. Arratsalderako, berriz, Korrika jaialdia antolatu dute: 18:00etan hasiko da Ibargoiako plazatxoan, eta trikitilariak, txalaparta, txistulariak, bertsolariak, Alaiak abesbatza eta dantzariak izango dira han; 18:30ean, plazan, Papargorri eta dantzariak; 19:00etan, eliza aurrean, trikitilariak eta Bizente Goikoetxea abesbatza; eta 19:30ean, parkean, Manex Arriolabengoa eta Maria Izaga kantuan.

21:00etan afaria izango da eskolan, norberak etxetik eramandakoarekin; eta 22:30ean, frontoian, pilota, bertsolariek lagunduta: herriko lehen txapelketako finala izan behar zena, lagunartekoa izango da azkenean. Beñat Arregi eta Oihan Bideburu min hartuta daude, eta Ander Lopez eta Endika Agirre dira, hortaz, txapeldun. Baina partidua, izan, izango da, Mikel Balanzategi eta Julen Olaizolaren kontra. 

Umeak ere protagonista

Zapatuan eta domeka goizaldean izango da hori guztia. Aurretik, baina, eskolako umeak izango dira herria girotuko dutenak, gaur bertan: 11:00etan Kantuz Bizi tailerra egingo dute, Alaiak abesbatzako eta eguneko zentroko kideekin batera –betiko kantuak gogora ekarriko dituzte–; 15:00etan, Korrika Txikia, Iturri Zuri kalean hasi eta eskolan bukatuz; eta amaitzeko, berriz, txokolate-jana egingo dute han bertan.

Gasteizko azken jaian ere bai

Bestalde, Korrika amaierako egitarauaren barruan, Gasteizen, Paula Amilburu eta Andere Arriolabengoa ariko dira bertsotan, Aroa Arrizubieta eta Oihane Perearekin batera. 15:30ean izango da, Aihotz –Matxete– plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak