Poteo musikatuarekin ekin zioten jai-egunari, eta antolatzaileek prestatutako bazkarian 85 lagun elkartu ziren ondoren, hala adierazi du Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladako kide Unai Etxenausiak: "Agindu moduan, autogestionatutako jaia izan da, eta guk prestatu dugu guztia. Bazkaltzeko bi menu eskaini genituen: entsalada hasteko, eta patata txorizoarekin edo patatak ilarrekin, aukeran, gero. Jende asko batu zen, gehienak herrikoak, baina Otxandiotik eta Arrasatetik etorritakoak ere baziren, eta iluntzean, eta gauean, bereziki, jende askoz gehiago etorri zen".
Bertso Pikie saioa egin zuten bazkalostean, lau bertsolariren eskutik; Aramaioko Aitor Ugartek eta Peru Abarrategik, Oñatiko Aitor Tatiegik eta Abadiñoko Txaber Altubek jardun zuten bertsotan. "Jende guztiari ez zaizkio bertsoak gustatzen eta horregatik ondo neurtu genuen saioaren iraupena eta baita bertsotan egiteko aukeratutako gaiak ere", azaldu du Etxenausiak eta zera gaineratu: "Saio umoretsua izan zen, askotariko gaiak proposatutakoak, horien artean, hauteskundeak eta herriko jaiak. Gaueko kontzertuek ere harrera ona izan zuen publikoaren aldetik; ikaragarria izan zen zenbat jende batu zen, eta musikariak ere –Aretxabaletako Wood Strings eta Ataungo Unidad Alavesa taldekoak– oso gustura izan zirela adierazi ziguten. Hortaz, atzokoa eginda, datorren urtean beste Gazte Egun bat antolatzeko gogoz gaude".