Gazte Eguna egingo dute hurrengo asteburuan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko mar. 29a, 15:29

Unidad Alavesa taldeak kontzertua egingo du Gazte Egunean. Argazkia: Ternario Aja

Poteo musikatua, bazkaria, Bertso Pikie eta Unidad Alavesa eta Wood String taldeen kontzertuak antolatu ditu Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak; bazkarirako txartelak etzi, domeka, bitartean eros daitezke, zortzi eurotan, herriko tabernetan.

Berrikuntza batekin dator Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanblada: Gazte Eguna egingo dute, estreinakoz, apirilaren 6an, zapatuan. "Modu naturalean sortu zen Gazte Eguna antolatzeko ideia. Taldeko hiru kidek proposamena eraman genuen batzar batera, gazteak jai giroan Aramaion elkartzeko asmoarekin jaia antolatzeko. Proposatutakoa gustuko izan zuten beste kideek eta aurrera egin genuen; orain dela hiru hilabete hasi ginen ideiak lantzen eta egitaraua lotzen, eta dagoeneko prest dugu egun osoko egitaraua", azaldu du Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladako kide Unai Etxenausiak.

Datorren zapatuko jaiak izango duen harrerak eta arrakastak baldintzatuko du Gazte Egunaren etorkizuna hurrengo urteetan, baina antolatzaileen asmoa da jarraikortasuna izango duen urteroko jaialdia izatea: "Lehenengo urtea da, ikusiko da zelan ateratzen den, baina, hasiera batean, Gazte Eguna geratzeko etorriko dela esan dezakegu".

Kanpokoak ere gonbidatuta

Herriko gazteez gain, inguruko herrietakoak ere gonbidatu gura dituzte jaian parte hartzera: "Errespetuz eta gogoz etorriz gero, ongietorriak dira guztiak. Gertuko herrietako hainbat gazte batzordetako kideei egin diegu etortzeko gonbidapena, eta Otxandiotik zortzi lagun etorriko direla baieztatu digute; jaian parte hartzera datoz, baina antolaketa lanetan eta eguneko zereginetan laguntzeko prest daudela adierazi digute. Arrasateko Gazte Asanbladatik ere etorriko direlakoan gaude, eta Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Legutiokoak ere gonbidatu ditugu, baina euren herrietan bestelako ekitaldi batzuk dituztela-eta ez digute oraindik zehaztu Aramaiora etortzeko aukerarik izango duten".

Jai autogestionatua

Bizente Goikoetxea plaza izango da jaiaren erdigune, eta, plazatik abiatuta eta karro baten musika aparatua eramanez, poteo musikatuarekin hasiko dute jaia, 13:00etan. Ondoren, 14:30ean, Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladakoek prestatutako bazkaria izango da: "Autogestionatutako jaia izatea da asmoa, eta hor sartzen da bazkaria prestatzea ere. Txartelak dagoeneko salgai daude, eta etzi, domeka, da erosteko azken eguna. Zortzi eurotan eros daitezke, Añai, Eki eta Anboto tabernetan". Bazkalostean "lasai eta gustura egoteko" Bertso Pikie saioa prestatu dutela gaineratu du Etxenausiak: "Lau bertsolari izango dira: herriko Aitor Ugarte eta Peru Abarrategi eta aspaldiko lagunak ditugun Oñatiko Aitor Tatiegi eta Abadiñoko Txaber Altube. Saioaren izenburuak bestelakoa adierazi ahal duen arren, dibertigarria izango da, gai entretenigarriekin eta lagunen arteko pike sanoarekin, alegia".

Kontzertuak, gauean

Eguna borobiltzeko, Aretxabaletako Wood Strings eta Ataungo Unidad Alavesa taldeen kontzertuak izango dira, doan, 22:30ean hasita, Sastiña ermitaren alboan: "Urtero antolatzen dugun Eguzkierripa Rock jaialdira, punk estiloko taldeak gonbidatzen ditugu, eta Gazte Egunerako bestelako estiloei tokia egin nahi genien. Oso talde onak dira, eta giro ona jarriko dutela seguru gaude. Estreinakoz izango dira Aramaion, eta Unidad Alavesa, bereziki, herrian oso gustuko duten taldea da"

Eguzkierripa Rock, maiatzean

Hamaikagarren aldia izango da aurten, eta maiatzaren 25ean egingo dute; ohi baino emakume musikari gehiago izango direla aurreratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak