Martxan da Txirritolaren aurtengo ipuin lehiaketa

Julen Iriondo 2019ko mar. 12a, 15:57
Neska-mutikoak euren lanagatik aitortza jasotzen iazko edizioko sari banaketan.

Apirilaren 12ra arte aurkez daitezke lanak. Luzera desberdinetakoak izango dira, adinaren arabera, eta sarietarako ere hori da irizpidea: bonuak izango dira gazteenentzat; dirua, produktuz osatutako otarrea eta asteburu pasa, nagusienentzat. [Oinarriak, hemen]

"Oro har, euskara eta, zehazki, euskarazko idazketa sustatzea" dira Txirritolaren helburuak ipuin lehiaketa antolatuta, euskara elkarteko Aizpea Ajuriagerrak gogorarazten duenez.

Herriko neska-mutiko zein helduei egiten diete dei, hori dela-eta, bertan parte hartzeko. Umeei dagokienez, erabakigarria izaten da eskolaren lankidetza lanen aurkeztea bermatze aldera; izan ere, lanketa berezia egiten dute ikasleekin: lehenengo zikloko neska-mutikoek taldean prestatzen dituzte ipuinak, gelan; eta hirugarren mailatik aurrerakoak animatu egiten dituzte aurkeztera, bakarka, ipuinak idazteko behar diren gaitasunak lantzearekin batera.

Sariei dagokienez, lehenengo ziklokoentzat sari bakarra egongo da taldeko, 50 euroko bonua; bigarren eta hirugarren zikloetan, berriz, 40 eta 20 euroko bonuak maila bakoitzeko lan onenentzat; 12 eta 18 urte artekoentzat, 75 eta 50 euroko sariak; eta 18tik gorakoentzat, bi lagunentzako asteburua eta herriko produktuz osatutako otarrea.

Ea aurten animatzen diren helduak

Zenbait aldaketa egin zituzten iaz, adin handienekoen artean parte-hartzea sustatzeko: 12 urtetik gorakoena zen kategoria bitan banatu zuten, batetik, 12-18 urte artekoena eta 18tik gorakoena sortuz; sari erakargarriak jarri zituzten, bestetik. Ez zen, ordea, helburua lortu, 12 urtetik gorako bi lagun baino ez ziren aurkeztu-eta. Ea aurten animatzen diren gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak