Otsailaren 9an abiatu zuten Arabako Bertsolari Txapelketa hamazortzi bertsolarirekin; hiru final-laurden jokatuta –Araian, Zigoitian eta Aramaion–, bigarren faseari ekingo diete gaur, zapatua, Legution.
Bi saiotan banatuta, hamabi bertsolari lehiatuko dira martxoaren 30ean Gasteizko Principal antzokian izango den finalerako txartelak lortzeko. Aramaioko sei bertsolari sailkatu dira finalerdietarako; gaurkoan, Legution, eskola bereko bost bertsolarik kantatuko dute, eta martxoaren 16an Dulantziko saioan izango da Paula Amilburu. "Eskola berekoak badira ere, adin eta ibilbide ezberdinekoak dira; biharko saioan, esaterako, 2015eko Arabako txapeldun Manex Agirre izango da, baina baita Arabako txapelketa nagusian lehen aldiz parte hartuko duen Aitor Ugarte ere. Bi kanporaketetan puntu gehien lortzen dituzten sei bertsolariek lehiatuko dute finala", azaldu du Arabako Bertsozale Elkarteko kide Uxue Diaz de Zeriok.
Aramaiokoa, "eskola sendoa"
90eko hamarkadan sortutako eskola gaur egun Araban "erreferentea" dela dio Diaz de Zeriok: "Askotan elkartzen dira, eta entitatea du eskolak, Araban, eta herrian bertan ere bai".
Arabako txapeldun Oihane Perea ere iritzi berekoa da, eta honela gogoratzen ditu Aramaioko eskolaren hastapenak: "17 urte besterik ez nuen han irakasle lanetan hasi nintzenean. Maitasun handiarekin gogoratzen dut garai hura, elkar deskubritu genuen, eta, harrezkero, ikasle zirenak bertso-kide eta lagun min ditut. Baldintza egokiak zeuden eskola martxan jartzeko, eta hasieratik izan genuen herritarren babesa. Uste dut eskola mugarria izan zela Aramaio Araban gehiago txertatzeko".
Sarrerak eskuragarri
Gaurko saioa 17:30ean hasiko da, eta ordu erdi lehenago eros daitezke leihatilan sarrerak: zortzi eurotan txartel arrunta eta sei eurotan bazkideenak; 16 urtetik beherakoek doan dute.
Salgai daude, era berean, finalerako sarrerak Principal antzokiko atarian: 15 eurotan helduentzako eta 5 eurotan 16 urtetik beherakoendako.