Egun osoko egitaraua eta beste pare bat ekintza

Julen Iriondo 2019ko mar. 4a, 10:02

Iazko Martxoaren 8ko bilkura.

Emakumeen Nazioarteko Eguna goizetik iluntzera, elkarrekin eta herrian, aldarrikapen giroan igarotzeko dei egin dute Aramaixoko Talde Feministak eta Itur-Zuri emakume elkarteak; film emanaldiak eta bazkaria ere izango dira astean.

Bi taldeek elkarlanean antolatutako egitarauko lehen ekintza etzi izango da, eguaztena, 20th century women pelikularen bueltan: 18:00etan, kafe tertulia egingo dute, pelikularen aurkezpen txiki batekin eta Martxoaren 8aren gaineko azalpenekin; ondoren, 18:30ean, film emanaldia egingo dute, kultura etxeko aretoan. Asebetetzerik eza, desorientazioa, amatasuna, konfiantza krisia eta halako gaiak hiru emakumeren ikuspuntuetatik jorratzen dituen pelikula da; bizitzako etapa desberdinetan daude emakumeok, izaeraz askotarikoak, baina misio batek batzen ditu, nerabe baten heziketa emozionalak –ama, laguna eta maitale nahi lukeena dira hiru emakumeak–. 16 urtetik gorakoentzako ekintza da eguazteneko hau.

Martxoaren 8rako, berriz, egitarau bete-betea antolatu dute Aramaixoko Talde Feministak eta Itur-Zuri emakume elkarteak. 10:30ean plazatik abiatuta, herria girotuko dute; pankartak jarriko dituzte hainbat puntutan, txapak eta xingola moreak salduko dituzte eta, musika lagun, egunerako greba deia –zaintza greba, besteak beste– gogoraraziko diete herritarrei.

KONTSUMO GREBA ERE BADELA-ETA, ITURRIZ ITURRI EGINGO DUTE POTEOA BAZKALDU AURRETIK

 

12:00etan, bilkura egingo da plazan, eta Aramaiorako prestatutako idatzia irakurriko dute antolatzaileek. 12:45ean, iturripoteoa egingo dute herriko hainbat iturri lotuz; kontsumo greba irudikatu nahi dute honekin, eta etxetik ekarritako edariak edo iturriko ura izango dira poteo honetan edango dituztenak.

14:00etan, bazkaria egingo dute Sastiñan, jan-edanak eta mahaitresnak bakoitzak eramanda; ez da aurrez izenik eman behar. Bazkalostean, bingoa egingo dute, eta musika eta tertulia ere izango dira. 19:30ean, berriz, kalejiran joango dira kultura etxetik plazara, trikitilariekin. Han, dantza emanaldia egingo dute, eta eguerdiko komunikatu bera irakurriko dute. Egitarau honekin, Aramaioko emakumeek –askotariko adin eta soslaidunak– Emakumeen Nazioarteko Eguna elkarrekin eta herrian ospatzea nahi dute antolatzaileek.

Biharamunean izango dira azken ekintzak. Bazkaria egingo dute emakumeek Añai tabernan, 14:00etan. Gaur da izena emateko azken eguna, tabernan bertan, okindegian, erretiratuen egoitzan edo kultura etxean. 25 euroko prezioa du, eta zuzeneko musika egongo da. Amaitzeko, Alanis filma emango dute kultura etxean, 21:00etan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak