Xabi Igoa, Andere Arriolabengoa, Peru Abarrategi, Manu Bendala, Unai Anda eta Beñat Garaio ariko dira bihar –zapatua– bertsotan, 17:30ean hasiko den saioan. Hirugarren eta azken final-laurdena izango da, eta eguneko puntuazioak ezagututa jakingo da ze hamabi bertsolarik izango duten finalerdietarako txartela. Batzuk ezagunak dira dagoeneko; orain arteko saioetan kantatu duten aramaioarren artean, Manex Agirre eta Paula Amilburu barruan daude, eta Aitor Ugarte ez sartzeko berak Zigoitian lortu zituen 215,5 puntuak baino gehiago lortu beharko lituzkete biharko bertsolari guztiek. Aurreko asteko saioan Oihane Pereak batu zituen puntu gehien (246), eta Aroa Arrizubieta izan zen bigarren (236); hirugarren geratu zen Ugarte.
Sevillar bat bertsotan
Biharko final-laurdenak izango du bitxikeria bat ere, Manu Bendala sevillarra izango baita bertsolarietako bat –aste honetako Puntua aldizkarian dator hari egindako elkarrizketa zabala, 20. orrian hasita–.