2019ko Arabako Bertso Txapelketako final laurdenetako bat Aramaion jokatuko da

Amaia Zabala 2019ko ots. 3a, 15:32

Arabako Bertsozale Elkarteak, 2019ko Arabako Bertso Txapelketaren aurkezpena egin zuen atzo Zalduondoko Lazarraga Jauregian. Otsailaren 9an Araian hasi eta martxoaren 30ean amaituko da Gasteizko Printzipal Antzokian. Final laurdenetako bat Aramaion jokatuko da gainera.

Aurkezpenean azpimarratu zuten, Txapelketa honekin, Arabako bertsogintzak egin duen bidea "goraipatu" nahi dutela, "eraikitako zubiek eta urteetan pausuz pauso eginiko lanak duen garrantzia goraipatuz".

Hiru zalduondarrek hartu zuten hitza. Lehengoa, Oihane Perea 2017ko txapelduna izan zen eta Txapelketari hasiera eman zion testua irakurri zuen. Ondoren, Bernardo Atxaga idazleak hartu zuen hitza eta "araba-zozoari" omen eginez Arabako euskara eta euskalduntze bidea goraipatu zituen. Azkenik, eta Txapelketari zin eginez, Oier Suarez Elkarteko sustapen arduradunak eman zituen Txapelketari buruzko xehetasunak.

Txapelketako lehenengo final laurdena otsailaren 9an jokatuko da, Araian. Eta martxoaren 30ean bukatuko da. Hiru final laurdenak, Araia, Zigoitia eta Aramaio herrietan ospatuko dira, bi finalerdiak, berriz, Legutio eta Dulantzin eta azkenik, finala Gasteizko Printzipal Antzokian. 

Bertsozale Elkartekoek jakinarazi zuten Txapelketak honako egitura hau izango duela: hemezortzi bertsolari final laurdenetan, hamabi bertsolari finalerditan eta sei bertsolari finalean. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Bestalde, gogoratuarazi zuten Arabako Bertsolari Txapelketaren jarraipena www.bertsozale.eus/araba eta www.bertsoa.eus web orrien bitartez egin daitekeela. Eta nola ez, baita Arabako Bertsozale Elkartearen sare sozialen bitartez ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak