Kolore askotariko jendea batu gura duen saioa

Eneko Azurmendi 2019ko urt. 25a, 11:51
Sexu eta genero aniztasunaren bandera. Argazkia: Forum Libertas.

Ume eta gazteen sexu eta genero aniztasunaren gaineko tailerra eskainiko du Berdindu zerbitzuak datorren martitzenean, kultura etxean, 18:00etan hasita. Urtarrilaren 10ean, eskolako irakasleek jaso zuten formakuntza eta martitzenekoa familiei zuzendutako saioa izango da bereziki.

San Martin eskola hezkidetza proiektu batean murgilduta dago, eta, horren baitan, sexu eta genero aniztasunari buruzko bi formazio egitea erabaki zuen, Udalarekin eta Gorbeialdeko Kuadrillarekin elkarlanean.

Lehenik eta behin, eskolako irakasleak izan dira formakuntza jaso dutenak. Izan ere, Udaleko Berdintasun Zerbitzuak kudeatuta, sexu eta genero aniztasunari buruzko formakuntza eskaini die Berdinduk, Eusko Jaurlaritzako sexu eta generoaniztasunari buruz informazioa eta arreta emateko zerbitzuak.

Saioan, oinarrizko kontzeptuak eta esku-hartzea landu dituzte, homosexualitatearen, transexualitatearen, bisexualitatearen eta intersexualitatearen gainean. Gorbeialdeko Kuadrillako Berdintasun teknikari Araitz Palaciosek azaldu duenez, "oso ondo" joan zen saio hura. Hala ere, pauso bat gehiago eman beharraz ohartu ziren, ikastetxetik herrira zabaldu beharraz. "Ez genuen nahi formakuntza ikastetxean bakarrik geratzerik. Umeen eta gazteen sozializazioan ikastetxeak badauka erantzukizuna, baina baita herriak berak eta familiek ere. Beraz, lanketa osoa egin ahal izateko, beste formakuntza saio bat egingo dugu", adierazi du Palaciosek.

Herritar guztientzako saioa

Bigarren saio hori urtarrilaren 29an, martitzena, egingo dute, kultura etxean. 18:00etan hasiko da, eta ordu eta erdi inguru iraungo du.

Bi zati izango ditu, teorikoa eta praktikoa. "Oinarrizko kontzeptuak landuko ditugu dinamika ezberdinen bitartez eta bideo batzuk ikusiz. Bestalde, parte-hartzea ere landuko da, herritarrek dituzten kezka eta zalantza guztiak argitu ahal izateko eta egoera ezberdinei erantzuna emateko", azpimarratu du Berdintasun teknikariak.

Umeen eta gazteen sexu eta genero aniztasuna da formakuntza saioaren oinarria. Hori dela eta, herritar guztiei zuzenduta dagoela jakinarazi du Palaciosek. "Nagusiki, familiei zuzenduta dago, umeak edota gazteak dituzten gurasoei, baina edonor etor daiteke. Ateak zabalik izango dira herritar guztientzat".

Informazio gehiagorako

Edozein zalantza edo kezka edukiz gero, harremanetan jartzeko dei egin dute. Batetik, Berdindu zerbitzuari dagokionez, 945 25 70 77 telefonora deitu edo berdindu. araba@aldarte.org helbidera idatzi. Gorbeialdeko Kuadrillako kontaktuak hauek dira: berdintasuna@gorbeialdea.eus helbidea edo 945 43 01 67 telefonoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak