Sasoiko eta umoretsu iritsi da mendeurrenera Edurne Etxebarria

Eneko Azurmendi 2019ko urt. 24a, 11:40
Jose Luis Errasti, Zorione eta Miren Larrañaga eta Edurne Etxebarria. Argazkia: Rosa Mondragon.

Astelehen honetan 100 urte bete ditu Edurne Etxebarriak, herriko emakume nagusienak. 1919ko urtarrilaren 21ean jaio zen, Sondikan, eta 1950ean etorri zen Untzillako Uxarte baserrira, ezkondu ostean. Gaur egun, Barajuen auzoko Artabe Bi baserrian bizi da.

Urtarrilaren 21ean, bete du mendeurrena Edurne Etxeberria Mendizabalek. Bizkaitarra izatez, 14 anai-arrebetan bigarren zaharrena, Untzilla auzoko Uxarte baserrira etorri zen bizitzera gizonarekin, 31 urte zituela. Gaur egun, berriz, Barajuen auzoko Artabe Bi baserrian bizi da, Zorione Larrañaga alabarekin eta Jose Luis Errasti haren gizonarekin.

100 urte ez dira edonoiz betetzen. Hala ere, "beste edozein egun moduan" ospatu du urtarrilaren 21a. Sasoiko dago, eta umorez hartu du udal ordezkariek eginiko bisita.

Urte hauetan guztietan gauzak "asko" aldatu direla aitortu du, "ezin daiteke azaldu ere egin zenbat aldatu den. Txikiak ginenean, mahaian ez ginen guztiok sartzen. Lurrean arpillera bat botatzen genuen, ondo garbitutakoa, eta han jaten genuen. Hala ere, guztiok geneukan gure platera", adierazi du.

Horrez gain, beste anekdota batzuk kontatzeko ere baliatu du aukera. "Sondikako auzo batean jaio nintzen. Auzoan ez genuen eskolarik, eta ordubeteko bidea egin behar izaten genuen herriko eskolara joateko. Bidean guardia zibilen kuartelaren ondotik pasatzen ginen, eta haien haurrek ogitartekoak kentzen zizkiguten", adierazi du. Bestalde, umezain aritutakoa ere bada Etxebarria. "Zapatu eta domeketan umezain joaten nintzen gaztetan. Lau ume zaintzen nituen egun osoz. Bazkaldu eta afaldu baserrian bertan egiten nuen, eta gauean etxera itzultzen nintzen".

Bost seme-alaba ditu Etxebarriak, baita hainbat biloba ere. Familia guztiak txokolatada bat egin zuen egun berezi hura ospatzeko, eta bilobek eraztun bat ere oparitu zioten, "100 urtetako eraztuna", beraien hitzetan".

Udal ordezkarien omenalditxoa

100. urteurrenera iritsi dela eta, Aramaioko Udalak aitortza egin gura izan dio Edurne Etxebarriari, eta lore-sorta bat emateaz gain, bere argazki bat eta Manex Agirrek egindako bertso bat daukan plaka bat ere oparitu diote, gaur egun bizi den etxean.

Hala dio bertsoak:

Urtez urte, pausuz pausu

Denbora irabazi duzu

Denborak eutsi zaitu zu

Mende bat duzu zure mendean

Ehun urte bete dituzu

Maite zaitugun guztion partez

Ehun zorion eta ehun muxu.

Cristina Etxenausia, Edurne Etxebarria eta Lierni Altuna. Argazkia: Rosa Mondragon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak