Ongi etorria egin diote sagardo denboraldiari

Eneko Azurmendi 2019ko urt. 18a, 11:17
Iazko Arabako txotx irekiera, Iturrieta sagardotegian.

Aste honetan abiatu dute sagardo denboraldi berria Araban, eta Askartzako Trebiñu sagardotegian egin dute txotx irekiera ekitaldia; iaz baino sagar gutxiago batu dute aurten sagardogileek, baina kalitatea "oso ona" dela nabarmendu gura izan dute.

Atzo, eguena, egin zuten 2019ko sagardo denboraldiaren irekiera ekitaldia, Askartzan, eta Iñaki Garaialde Baskoniako jokalari ohia eta kirol esataria izan zen kupelak zabaldu zituena.

Juanjo Peciña Iturrieta sagardotegiko arduradunak azaldu duenez, iaz baino "dezente" sagar gutxiago batu dute aurten. Bi arrazoi aipatu ditu: "Batetik, loraldian, martxo-apiril inguru horretan, euri asko egin zuen, eta, horren ondorioz, lorea erori egin zen, galdu egin zen, eta horrek eragina izan du sagar kantitatean. Bestetik, iaz, sekulako uzta jaso genuen, inoizko handiena, eta, horrelako uzta baten ostean, zuhaitzak ahulagoak izaten dira hurrengo urtean. Horren aurrean ezin dugu ezer egin, naturak agintzen du".

Hori dela eta, Gipuzkoatik ekarri behar izan dituzte sagarrak. "Iaz, soberan gelditu ziren tona batzuk, alferrik galdu ziren sagar asko, eta aurten, berriz, eskatu egin behar izan ditugu. Gehienbat, Gipuzkoatik ekarri ditugu, Urretxutik, Debatik, eta abar. Gure kasuan, sagar ekologikoak erabiltzen ditugunez, ez daude edonon, eta leku konkretu batzuetan eskatu behar ditugu", adierazi du Peciñak.

Nafarroatik ere ekarri dituzte sagarrak. "Mahai sagarrak Erriberatik ekarri ditugu, hauek ere ekologikoak. Baina hauek sagar zukurako erabiliko ditugu".

Kalitate "oso onekoa"

Sagar gutxi, bai, baina kalitate "oso onekoa" da aurtengoa. "Oso sagar osasuntsua sartu da dolarean, inolako gaixotasunik eta kalterik jasan gabekoa. Horrek asko laguntzen du sagardoa egiteko orduan. Horrez gain, gradu eta azukre aldetik, mota ezberdinak saltzen ditugunez, eta Euskal Herriko sagarrak direnez, sagardoa betiko moduan egin dugu", dio.

Zaporeari dagokionez, "gozo puntuarekin" dago oraindik sagardoa, baina "denborarekin joango da bere onera". "Aurten, garratz puntu bat ere badu. Baina azpimarratu behar dut oso sagardo ona eta osasuntsua atera dela". Koloreari erreparatuta, berriz, Peciñari ez zaio orokortzea gustatzen. "Kupel bakoitzetik kolore ezberdineko sagardoa ateratzen da; beraz, orokortzea akats bat da, nire ustez".

Aurreikuspen onak

Gaur, egubakoitza, irekiko dute Iturrieta, eta, denboraldiari begira, aurreikuspen onak dituzte. "Ohiturak aldatu egin dira eta jende gehiena eguerdietan etortzen da. Baina gauetan ere animatuko dira; giro onean egingo dugu denboraldia, beti bezala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak