Botatako izeian totem bat egiten ari dira

Eneko Azurmendi 2019ko urt. 11a, 10:31

Santakurtz abadearen plazan totem bat egiten ari dira, bota zuten zuhaitz baten enborrean. Arrano bat, emakumezko artzain bat, txakur bat eta ardi bat egingo dituzte eta otsailerako bukatzea espero dute.

Gregorio Gallego da egileetako bat: "Izei bat zegoen hor, arazoren bat zeukan eta hondatzen ari zen. Gainera, zenbait arazo sortzen zituen. Beraz, moztea erabaki zuten. Adarrak kendu zizkioten, baina enborra zutik utzi zuten. Egun batean, lagun bat eta biok kalean gindoazela, Kultura zinegotziarekin topo egin genuen, eta totem bat egitea bururatu zitzaigun. Berari, hasiera batean, indioen inguruko zerbait egitea bururatu zitzaion, baina, hobeto pentsatuta, hemengo gauzei buruzko totema egitea erabaki genuen", dio.

Gallegok berak bozeto batzuk egin zituen, eta, neurriak hartu ostean, bizpahiru metroko enborraren gainean lan egitea erabaki zuten.

Arrano bat, emakumezko artzain bat, txakur bat eta ardi bat izango ditu totemak. "Bozetoan gizona agertzen zen, baina emakumezkoa izatea erabaki genuen. Azken finean, gizonezko artzainak bai, baina emakumezko artzainak ere betidanik egon dira Aramaion, eta haiek ere merezi dute nolabaiteko presentzia", adierazi du Cristina Etxenausiak, Kultura zinegotziak.

Ez da betiko izango

Motozerrarekin, egurra mozteko disko berezi bat duen errotaflexarekin eta gubiarekin ari dira lanean. "Gero, espraizko soplete batekin bukatuko dugu, eta, azkenik, babesteko material bat emango diogu, denboran iraun dezan. Espero dugu otsailerako bukatzea, baina eguraldiak baldintzatuko du hori. Hasierako urteetan ondo zaindu beharko dugu, eta gero, ea zortzi bat urte irauten duen. Izan ere, badakigu ez dela betiko izango, egurra usteldu egingo delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak