Euskaraldiarekin lotuta hainbat hitzordu dituzte aste bukaeran Aramaion. Atzo, esaterako, bikoizketa lehiaketako eszenaratzeak egin zituzten kultura etxean. Adinka hiru kategoriatan sailkatuta hamabost taldek hartu zuten parte. Umeen kategorian (8-12 urte) zazpi talde aritu ziren, nerabeetan bakarra eta helduetan beste zazpi talde.
Antolatzaileek askotariko pelikuletako hainbat pasarte zituzten proposatuta lehiaketarako eta nork bere zatia egin zuen kultura etxean. "Jendeak ondo preparatuta ekarri zuen bikoiztu beharreko pelikula zatia", adierazi du Euskara Saileko Rosa Mondragonek. Proposatutako pelikulen artean zeuden Kika, Madagascar, Air Bag, edo Lo que el viento se llevo. Noski, euskarazko bikoizketak egitea zen lehiaketaren xedea.
"Laguntza handikoa izan dugu Iurgi Etxebarria. Antzerkigintza ematen du eskolan eta neska-mutikoekin lantzeaz gain helduendako tailer bat ere egin du", azaldu du Mondragonek.
Hain zuzen ere Iurgi Etxebarriak, Txema Abarrategik eta Ane Zuazubizkarrek egin zituzten epaimahai lanak. "Baloratu zituzten bikoizketa ondo egitea, euskara maila, ondo ahoskatzea... Eta kategoria bakoitzean irabazle bana egon zen. Umeek Hontza Extrem parkera joateko sarrerak eskuratu zituzten, nerabeek 80 euroko bonu bat aukeratutako lekuan erabiltzeko, eta helduek afari bat Aramaioko jatetxe batean".
Antolatzaileek balorazio oso ona egiten dute.