Bikoizketa aurrez prestatu bai, baina zuzenean eszenaratu beharko da, azaroaren 30ean kultura etxean egingo den jaialdian. Lehiaketaren funtsa da filmetako pasarteen jatorrizko elkarrizketak eta soinuak asmatutakoengatik ordezkatzea. Ordezkatu beharko diren pasarteetarako lotura Aramaioko Udalaren webgunean aurki daiteke. Inork nahiko balu bertan jaso gabeko proposamenik egin, izena ematerakoan abisatzeko eta aztertuko dutela azaldu dute antolakuntzatik, Udalaren Euskara sailetik. Elkarrizketa berri guztiak euskaraz izan beharko dira, batuan edo euskalkian.
Lehiaketan parte hartu dezakete Aramaion jaio, bizi edo lan egiten duten pertsonek, eta taldeak bi eta lau pertsona artekoak izan beharko dira. Hiru kategoria egongo dira: 8 eta 12 urte artekoak; 12 eta 20 artekoak; eta 20tik gorakoak. Adin nahasketak ere onartuko dituzte –izena ematerakoan zehazteko eskatzen dute–, eta kategoria erabakitzeko txikiena hartuko da kontuan.
Testu berriak prestatzeko laguntza emateko, tailerrak ere egingo dituzte –ez da derrigorrezkoa horietan parte hartzea–. Hauek datorren astean izango dira, martitzenean eta eguaztenean, hilak 20 eta 21; 8 eta 12 urte artekoentzat izango da lehenengoa, 16:30ean kultura etxean, eta 12 urtetik gorakoentzat bigarrena, 17:30ean udaletxean. Saiootako gidaria Iurgi Etxebarria izango da; eskolako antzerki irakaslea da Etxebarria, eta filmen eta pasarteen aukeraketan ere hartu du parte.
Tailerrerako eta lehiaketarako izena udaletxean edo liburutegian eman daiteke, eta baita euskara@aramaio.eus helbidean ere; tailerrerako, azaroaren 19a baino lehen eman behar da, eta lehiaketarako hilaren 26a aurretik. Hilaren 30eko jaialdian, 17:30ean hasita 8 eta 12 urte artekoen txanda izango da, eta 18:30ean hasita, berriz, 12 urtetik gorakoena.
Sariei dagokienez, Hontza Extremera joateko sarrerak izango dira gazteenentzat, 75 euroko bonua bigarren kategoriakoentzat eta Aramaioko jatetxe batean erabiltzeko 80 euroko beste bat nagusienentzat.
Txapak eta formazioa
Martitzenean 240 aramaioar inguru zeuden izena emanda Euskaraldirako, bosten bat belarriprest modura eta besteak ahobizi. Sastiñan egindako Biziprest formazio saio aurretik banatu zituzten txapak.