Kanpoko atean kristala apurtuta, barruko armairuak ere bai, eta gazte lokaletik asanbladaren gelarako ateko sarraila txikituta; eta dena hankaz gora. Horrela utzi zuten lapurrek gazte lokala eta asanbladak biltzeko erabiltzen duen gela.
Lapurtutakoari dagokionez, telebista, bideo-kontsola... gazteen lokalean, eta disko gogor bat eta ezer gutxi gehiago gazte asanbladaren egoitzan.
Lapurrak sartzen diren lehen aldia ez dela eta "nazkatuta" daudela azaldu dute gazte asanbladakoek publiko egin duten komunikatu batean.
Gazte asanbladakoek erabiltzen duten gela beste talde batzuk ere erabiltzen dute, Orixol mendizale elkarteak eta talde feministak, adibidez. Komunikatuan adierazi dute han biltzen diren eragileek ez dutela arazorik beste kolektibo edo pertsona batzuekin, eta gertatutakoak ez duela "azalpen logikorik", eta ez dela "mendeku" bat izan.
Aramaioko gazteria berriz indarberrituko dela ere badiote, eta beste herri batzuetako gazte eragileak ohartarazi dituzte, eurei gertatutakoa gerta ez dakien.