Ordenantza fiskaletan aldaketak onartu ditu udalbatzak

Julen Iriondo 2018ko urr. 31a, 10:11

Aho batez onartu zituzten, eguenean egindako osoko bilkuran. Ordenantzen gaiarekin batera, musika etxearena eta EAJk aurkeztutako bi mozio ere baziren gai zerrendan; Julian Untzuetaren seme kuttun izendapenarekin lotutakoak eragin zuen eztabaida.

Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren ordenantzari dagokionez, Aldundiak higiezinen balio katastralak eguneratu behar dituela-eta –apur bat igoko dira, oro har–, ordenantzan ere aldaketa izango da, eta hiri ondasun higiezinen karga tasa 0,50etik 0,49ra jaitsiko da; jaitsiera txikia, "zerga honekin orain arte jasotakoa baino gutxiago jasotzea" arazo izan daitekeelako Udalarentzat, alkatearen arabera.

Horrez gain, hiri ondasun higiezinen karga tasan %60ko hobaria izango dute nekazaritza eta abeltzaintza ustiategi profesionalizatuek, titularrek zenbait baldintza betez gero; adibidez, diru-sarreren %70 baino gehiago bide horretatik lortzea. Lierni Altunaren hitzetan, lehen sektorearen aktibitatea Aramaion "ezinbestekoa" delako da hobari hori. Foru Aldundiak ezarritako balio katastral berriei eta zergaren aldaketei alegazioak jartzeko aukera egongo da, bigarrenaren kasuan abenduaren 14ra arte –onartutako beste ordenantzei bezala–.

Ordenantzei alegazioak aurkezteko aukera abenduaren 14ra arte egongo da

 

Landa-bideetan eta auzo-bideetan ibilgailu astunen erabileraren eta landa-bideen zabaltzearen gaineko ordenantzari dagokionez, 2019rako, ordenantzak berak agintzen duen bezala, bertan erregulatzen diren prezioei KPI igotzea onartu zuen udalbatzak. Puntu honetan, landa-bideen erabilerarekin neguan sortzen diren arazoen gaia atera zen osoko bilkuran –bideak erraz hondatzen direlako–, baina gaia batzordean lantzekotan geratu ziren.

Azkenik, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantzari salbuespen bat gehitu diote: "Irizpide orokor bezala, lur sailak mantendu edo konpontzeko egin beharreko eraikuntza lanak –hirigintza batzordean kasuan kasu gaia aztertu eta hark erabakiko du salbuespena aplikatu edo ez–". Alkatearen arabera, salbuespen hau da lurrak zaintzea bultzatzeko, kontrakoak inguruko bide eta zerbitzuei kaltea eragiten dielako.

Beste gaiak

Gainerako gaiei dagokienez, Foru Planeko baliabideekin egingo den azpiegitura ere izan zuten hizpide osoko bilkuran; musika etxea egingo dute eliza ondoko eraikin batean. Espazioa nola banatuta egongo den zehaztu gabe eduki arren, proiektuaren berri Aldundiari emateko epea gainean zela-eta, egitasmoa tokiak ematen dituen gehienezko aukerekin aurkeztea erabaki zuen osoko bilkurak, distribuzioa arintzea ez delako arazoa gero –aurrekontua ere jaitsi egingo litzatekeelako; arazoa aurrekontua igotzea litzateke–. Honekin lotuta, EAJk proposatu zuen egingo den azpiegitura erabilera askotarakoa moduan pentsatzea, musika eskola baten ohiko ordutegietatik kanpo ere erabili ahal izateko. Ondo ikusi zuen EH Bilduk.

EAJk aurkeztutako mozioei dagokienez, aurrenekoan proposatzen zen Aramaio sartzea Araban eratzekoan diren uren partzuergoan; Arabakoan edo Gipuzkoakoan sartu, egokiago zer den aztertzekotan geratu ziren bi alderdiak, eta EAJk erretiratu egin zuen mozioa.

Beste mozioari dagokionez, EAJk salatu zuen duela urtebete herriko seme kuttun izendatutako Julian Untzuetaren aipamenik ez dela izan orain arte Udalaren webguneko dagokion atalean; hori konpontzea eta Untzuetari barkamena eskatzearekin batera barkamen eske hori webgunean argitaratzea eskatzen zuen EAJk. EH Bilduk onartu zuen akatsa, baina itsusi iritzi zion EAJk hedabide batera eta moziora jo izana bere kexa agertzeko, eurei zuzenean jakinaraztearekin konpon zitekeenean. Ez zen mozioa onartu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak