Ilusioz ekin diote berriz ere areto futbol taldeari

Julen Iriondo 2018ko urr. 29a, 10:15

Urtebete pasako etenaldiaren ostean, herriak badu berriz ere ordezkaritza kantxetan. Aramaixo Tropikala izenarekin, hamaika gaztek dihardute, kirola eginaz ondo pasatzeko helburu bakarrarekin; ingurukoen artean ikusmina sortu dute, dena dela.

Aramaioarrak taldekako kiroletan inguruko herrietako klubetan ikustea ohikoa izan da beti, baina egia da, areto futbolean bai, urteetako tradizioa duela herriak. Tradizio horrek etena izan du azkenaldian, baina ez denbora luzez, eta, herriko hamaika gazterekin, denboraldi hasieratik lehian da Aramaixo Tropikala.

Taldea osatzen duten lagunetatik, lauzpabost dira etenaldiaren aurretik ere jokatzen zutenak; gainerakoak, berriak: "Betidanik egon da taldea Aramaion, eta lagun talde bat elkartu eta pentsatu genuen berriz ere hastea, jokatzeko gogoa genuen-eta", dio kideetako batek, Peru Abarrategik. Denak kirolzaleak, noski, baina taldeko gehienak beste kirol batzuetan jardundakoak dira aurrez: futbolean, pilotan...

17 urte ditu taldeko gazteenak, eta 22 zaharrenak, eta senior mailan dihardute lehian, Arabako Preferente mailan. Hiru jardunaldi jokatu dituzte orain arte, eta gauzak ez dira gaizki hasi: lehenengo bi partiduak irabazi egin zituzten –0-1, Almagor taldearen kantxan aurrenekoa; 3-0, United Nationen aurka bigarrena, etxean–; hirugarrena galdu –3-2, San Martin Ikastegiaren kontra–. Emaitza da, dena dela, gutxienekoa: "Disfrutatzea da gure intentzio bakarra".

Harmailak, goraino beteta

Etxean neurketa bakarra jokatu dute orain arte –aste honetan ere kanpoan dute, Mjolnir taldearen kantxan, domekan; etxeko hurrengoa, azaroko bigarren asteburuan da, zubiaren ostekoan, El Maped taldearen kontra–, eta, bertan ikusitakoaren arabera, esan daiteke ikusmina behintzat sortu duela taldeak herrian: "Goraino beteta egon ziren harmailak; ikuskizun handirik ez dugu emango guk, baina harmailetan egon zen, bai", dio Abarrategik.

Astean bitan geratzen dira entrenatzeko, martitzenetan eta eguenetan. Eguenetan, gainera, areto futbola gustuko duen edonorentzat dituzte ateak zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak