Jubilatuen jaia, zapatuan

Julen Iriondo 2018ko urr. 23a, 11:46

Goizean kalejirarekin hasi eta bazkariarekin amaituko da erretiratuen eguna; tartean, ohi bezala, beste hainbat ekintzaren artean, azoka, eta Ibarrako elkarteetan jubilatuentzat salta eta ogitarteko beroak ere bai.

Hauxe da egitaraua:

  • 10:30ean, Herriko trikitilari eta txistularien kalejira.
  • 12:00etan, Urtean zehar hildako jubilatuen aldeko meza, San Martin parrokian. Bertan, Bixente Goikoetxea abesbatzaren eta Papargorri eskolaniaren emanaldia.
  • 13:00etan, Lagun Artean taldearen dantza emanaldia.
  • 14:30ean, Bazkaria, kiroldegian.
  • Goiz osoan, produktu eta nekazaritza azoka, Nardeaga kalean.

Goizetik girotuko dituzte herriko kaleak Aramaioko trikitilari eta txistulariek. 11:00etan irekiko dute azoka –14:30ak arte–, eta askotariko 60tik gora parte hartzaile izango dira bertan: herriko hamalau abeltzainen animaliak –behiak, behorrak, astoak, poneyak...–; eta baserriko elikagaienak, tresnenak eta artisauenak, 47 postu, 26 herrikoenak eta 21 kanpotik etorritakoak –onddoak, bitxiak, patea, barazkiak, gazta, otarreak...–.

12:00etan, meza izango da San Martin parrokian, urtean zehar hildako erretiratuen alde, Bizente Goikoetxea abesbatzak abestuta. Papargorri eskolaniaren eta Lagun Artean dantza taldearen ondorengo emanaldiak udaletxeko arkupean egingo dituzte, eguraldi txarra badago. Trikiti eta txistu doinuek segituko dute bazkaria –14:30ean– iritsi artekoa girotzen; eta itxaronaldia luzeegi egiten zaien erretiratuentzat, salda eta ogitarteko txiki beroak izango dira elkarteetan.

Nardeaga kalea itxi egingo dute gaur, azokako lanetarako.

115 lagun batuko dira bazkaltzeko

Aurreko urteko antzerako kopurua, 115 lagun, izango du aurtengo Jubilatuen Eguneko bazkariak. Eguna iritsi aurretik, Udalaren omenaldia jasoa izango dute aramaioar emakume eta gizon zaharrenek, Edurne Etxebarriak, 99 urtekoa, eta Pablo Gardokik, 96koa. Eurentzako propio egindako oroigarria izango dute aurrerantzean etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak