2019ko Arabako Txapelketan nortzuk ariko diren erabakitzeko kanporaketak jokatuko dira zapatuan hasi eta bi asteburutan. Aramaioko hainbat bertsolarik jardungo dute: zapatuan, Maeztun, Andere Arriolabengoak eta Aitor Ugartek; domekan, Izorian, Paula Amilburuk; hurrengo barikuan, Bastidan, Xabi Igoak; zapatuan, Agurainen, Peru Abarrategik; eta hilaren 28an, Murgian, Martin Abarrategik.
30 bertsolarik hartuko dute parte, denera, bost saiootan, eta hamahiruk lortuko dute sailkapena –beste bost sailkatuta daude, 2017ko txapelketatik–, saio bakoitzeko irabazleek eta puntuazio onena duten beste zortziek.
Kopla txapelketa eta bazkaria
Hamabi bertsolarik –herrikoak eta Aramaiorekin muga egiten duten herrietakoak– jardungo dute barikuan kopla txapelketaren lehen edizioan. 18:30ean hasiko da, Goiko taberna parean.
Bestalde, Kasatson bertso bazkaria egingo dute bihar; Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua ariko dira kantuan.