Agintaldiko azken ikasturtea hasi berritan, maiatzerako bideratuta utzi nahiko lituzketen gauzei buruz galdetuta, musika etxearen proiektua aipatu zuen alkateak; datorren urterako diru laguntza jaso dutela-eta, aurrekontuetan jasota geratzea nahi dute: "Proiektua egiten badabil enpresa bat. Aurkeztutakoan, aztertuko dugu aldaketarik egin behar den edo ez, eta gero, Aldundira eraman behar dugu, ontzat eman eta 2019an egin ahal izateko".
Leku bat egokitu nahi dute musika eskolak, trikitikoak, kantu tailerrak eta abar egiteko: "Batzuk eskolan ibiltzen dira, beste batzuk kultur etxean... Leku egoki baten biltzea nahi dugu, eta aukerak eta hartuemanak ere sor daitezke horrela".
Estreinatzear dagoena beste azpiegitura bat da, ur parkea; alkateak baieztatu zuen aurten bertan erabili ahalko dutela, egun gutxi batzuetan, sikiera, eguraldiaren arabera. Hortik aurrera, egutegi, ordutegi eta gainerakoak erabiltzaileekin adostuko dituzte: "Guraso elkartekoekin eta eskolakoekin-eta hitz egin beharko dugu".
Ur parkearen beste ertzean, parke txikian inbertsioa egitea ere aurtengo dute aurreikusita: "Olgeta eta Hiritik At enpresekin prozesu parte-hartzailea egin genuen, eta azken detaileekin dabiltza, ea datorren astean aurkezten diguten emaitza, herrira aurkeztu ahal izateko gero". Horren araberakoa izango da berritzea; alkateak zioen, dena den, agintaldi honetan ez dutela aldaketa denak egiterik izango, poliki-poliki joango direla.
Ertzaintzarekin egotekoak
Autoak gaizki aparkatzearekin dagoen arazoari dagokionez, Altunak zioen marra horiak-eta margotu arren, gaizki aparkatzen zuenak gaizki aparkatzen jarraitzen duela. "Ertzaintzarekin hitz egitea tokatzen zaigu dagoeneko", zioen, "ez dago beste biderik". Isunekin hasi behar dutenean abisatu egingo dutela adierazi zuen, baina agintaldi honetan izango dela baieztatu. Kexa asko iristen dira udaletxera: "Plazan ezin da aparkatu, adibidez, eta, askotan, autoz beteta egoten da".
Urtea amaitu aurretik martxan jarri nahi duten beste bat Ibarrako bigarren auzo konpostgunea izango da.
Eta maiatzean, berriz ere, udal hauteskundeak. EH Bilduren zerrenda buruan atzera ere egongo ote den galdetuta, ez zuen baieztatu Lierni Altunak, baina ezta ezeztatu ere: "Proposamena heltzen bada, proposamenaren arabera pentsatuko dut", adierazi zuen.