Irailaren 10ean amaitu zen alegazioak jartzeko epea, eta Aramaioko Udalak egin ditu bereak. Batetik, proposatu du parkean dauden udalerrien garapen sozioekonomikorako plana egitea, eta egitea inguruko eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalek parte hartuko duten prozesu baten bitartez: "Honela, parkeko baliabideen aprobetxamendu jasangarria bermatzeaz gain, inguruko jarduera ekonomiko, ekoizpen eta aprobetxamenduen hobekuntzak ekarriko dituzten aktuazio konkretuak jasoko dira".
Bestetik, Udalak dio "parkearen mugetatik kanpo baina inguruan dauden programek, planek zein proiektuek parkean izan dezaketen eragina edo inpaktua neurtzeko azterketak" egin behar direla, "parkearen kontserbazioa bermatzeko".
Hirugarrenik, araudi berriak parkean ehiza barrutirik ez dagoela dioela-eta, zuzentzeko eskatzen du Aramaioko Udalak –badagoelako–, eta Kondebaso-Albinagoia inguruari ehiza babesleku izaera kentzea ere bai.