Aitor Arana oroitzeko mendi martxa, zapatuan

Julen Iriondo 2018ko ira. 18a, 12:27

22. aldia izango da aurtengoa, eta sei tontor igo beharko dituzte parte-hartzaileek 25,7 kilometroko ibilbidean: Marka, Murugain, Asentzio, Danborralde, Durakogain eta Orixol. Izena egunean bertan eman behar da

Mendian hildako Aitor Arana herrikidea gogoratuz, eten gabe gora eta behera izango den ibilbidearekin egingo dute Aramaion mendi martxa. 2014ko ediziokoaren oso antzerakoa da egin beharreko bidea, hiru kilometro laburragoa. Orduan bai, baina aurten ez dute Tellamendi igoko.

Orixol Mendizale Elkartearen zuzendaritza berriak antolatuko duen lehen martxa izango da hurrengo zapatukoa –abenduan hartu zuten lehengo zuzendaritzaren lekukoa–, nahiz eta lehengo arduradunen laguntza izaten ari diren prestakizunetarako. Eguna iritsita, dozena bat lagun ariko dira lanean dena ondo atera dadin.

Bost euro ordainduta 07:30ean izena eman, eta 08:00etan hasiko da ibilaldia, kiroldegian. Marka, Murugain, Asentzio, Danborralde, Durakogain eta Orixol tontorren artean tartekaturik, bi anoa-postu izango dira, aurreneko ordu eta erdiaedo eginda, Untzillan lehenengoa, eta Orixolera igo aurretik, Kruzetan, bigarrena; behin tontorra harrapatuta, herrira jaistea baino ez da faltako –han ere izango da jatekoa eta edatekoa–. 25,7 kilometroko ibilbidea osatzeko, parte hartzaileek lau eta sei ordu artean beharko dituztela uste dute antolatzaileek.

Mendizale kopuruari dagokionez eta aurreko urteetako kopuruak ikusita, 60 inguru zenbateko polita izango litzatekeela dio antolakuntzako Joseba Zillaurrenek; ohi bezala, baina, eguraldiak baldintzatuko du parte-hartzea.

Aramaioko mendi martxan parte hartu ohi duten gehienak herrikoak izaten dira, nahiz eta kanpokoren batzuk ere beti animatzen diren; honela, Arrasateko eta Eskoriatzako jende gehiago erakarri nahian sartu dituzte, adibidez, ibilbidean Murugain eta Asentzio.

Aurtengo beste nobedadeetako bat da ibilbidea GPS bidez jarraitzeko aukera ere egongo dela, Wikiloc aplikazioaren bitartez; dena dela, antolakuntzatik aholkatzen dute jarritako markei jarraituz egitea bidea.

Zuzendaritza berria

Zuzendaritza aldaketarekin, are gehiago gaztetu da Orixol Mendizale Elkarteko arduradunen taldea; 20 eta 22 urte artean dituzte sartu diren bost kide berriek. Euren asmoa da aurrekoek urtean antolatzen zituzten bost ekintzekin jarraitzea: mendi martxaz gain, hiru urtean behin antolatzen duten Besaide Eguna; bideo emanaldi bat; urtarrilaren 1ean Orixolera irteera eta salda; eta mendi irteera eta sagardotegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak