Motor hotsak hartu du gaur Aramaio. Eguraldia lagun, ederki joan da rallysprinta. Gaurkoak bazuen nobedade nagusi bat: ohiko ibilbidea baina beste noranzkoan egin behar zutela autoek. Antolakuntza gustura geratu da aldaketarekin, parte-hartzaile gehienek ere begi onez ikusi omen dute-eta.
Bestelakoan, kolperen batzuk bai, baina nabarmendu beharreko istripurik ez, eta lehia estua lehen hiru sailkatuen artean. Gaurkoaren ostean, Euskadiko Rallysprint txapelketa Enrike Barrenetxeak eta Anartz Onaindiak irabazi dute, bigarren geratu dira Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola antzuolarra, eta hirugarren gaurko irabazleak.
Maider Usandizaga oñatiarraren debutekoa ere izan da gaurkoa. Orain arte beti kopilotu lanean ibilia, bolantean aritu da gaur aurrenekoz –bera zen emakume gidari bakarra 52 parte-hartzaileen artean–, Leire Iturbe lagun, Ford Focusarekin. Pozik geratu da egindako lanarekin.