Formula berritzailea zuen gaurko Bertsotruk topaketak, eta primeran atera da, eguraldia ere lagun.
Mendian ibiltzen ohitua ez dagoenarentzat ere aproposa, atseden hartzeko aukera ematen zuten-eta bertsotarako egindako geldialdiek.
Lauzpabost lagun etorri dira Irundik, eta beste hainbeste Gernikatik. Aramaiotik, berriz, Aitor Ugarte, Manex Agirre, Paula Amilburu, Ane Zuazubizkar –arrasatearra– eta Xabi Igoa aritu dira bertsotan.
Aukera ikusita, euren aldetik zihoazen zenbait mendizale ere batu zaizkie bertso entzutera.
Santikurtz ermitaraino joatea zuten aurreikusita, baina giro, hanka eta umore onak lagun, Orixol tontorreraino joan dira. Gero Marixekan egin dute bazkaria hogei bat lagunek, eta han ere ez da bertsorik eta umorerik falta izan.
"Errepikatzeko eta esportatzeko moduko formula" gaurkoa, Xabi Igoaren esanetan.