Meza elizkizuna amaitzean, Izaskun Ormaetxe kofradiako idazkari eta diruzainak egin du urteko gora-beheren aurkezpena. "Arazo txikiren batzuk izan diren arren, konponduta daudela dirudi eta berehala ziurtatuko dugu horrela dela hori" dio Ormaetxek. Bestetik, hemendik aurrerako bidean hobekuntzak egiteko proposamenik ere izan da kofradia osatzen duten taldekideen aldetik, eta lanean jarraituko dute hobetzeko.
Irailaren bigarren igandean ospatzen duten eguna festa eguna izaten da beraientzat eta mahaiaren bueltan bapo bazkalduta borobildu dute ospakizuna. Sabela betetakoan, hurrengo urtera begira, jai egunari buelta bat emateko asmoa ere badute; musika emanaldiren bat, ekitaldiak... egitaraua berriztu eta festa egun eder bat antolatzea dute helburu.
Blanca Mendialdua kofradiako arduradunak eta baita taldeko kideek gaurko egunaren balorazio positiboa egin dute, "oso ondo joan da dena, pozik gaude".