Askotariko musika estiloak izango ditu protagonista atzo Aramaion hasi zuten Sastiñako Musika Festibalak, eta lehen plater moduan, Noveno In Blues talde gasteiztarrak blues eta rock doinuekin jantzi zuen Bizente Goikoetxea plazaren inguruak.
Laukote gasteiztarrak urtetako eskarmentua du musikaren munduan, eta akustikoa izan zen kontzertuan, taldekideek eurek sortutako doinuak bakarrik jo zituzten. Ahotsa, baxua, perkusioa eta gitarrak erabiltzen dituzte Noveno In Bluesekoek, baina atzokoan harmonika doinuei ere egin zieten tartea. "Gustura jo dugu, jendea animatuta zegoen terrazetan-eta. Giroa eta herria ere ederrak iruditu zaizkigu", zioen kontzertuaren ostean Rober taldekideak.
Datorren astean, folka
Sastiñako Musika Festibalak hurrengo hiru egubakoitzak ere hartuko ditu. Hala, datorren astean, irailaren 14an, Krisketa talde gasteiztarra igoko da agertokira. 20:00etan izango da hori.