Iraileko zamak arintzeko, musika jaialdia Sastiñan

Julen Iriondo 2018ko ira. 6a, 13:36
Noveno in Blues taldeko kideak, emanaldia eskaintzen.

Gasteizko Noveno in Blues taldearen emanaldiarekin hasiko da bihar hileko lau barikuetan egingo den festibala. Krisketa folk taldea, Marrate musika banda –saio hau kultura etxean izango da– eta Red Crabs izango dira gainerako hiru taldeak.

Rocka eta bluesa jorratzen dituen laukote gasteiztarrarekin hasiko da bihar Sastiñako Musika Festibala. Ahotsa, baxua, perkusioa eta gitarrak darabiltzan taldea Noveno Inca rock taldearen jarraipen moduan sortu zen, blues musikara ere gerturatzeko asmoarekin. Sei abestiko maketa atera zuten 2004 urtean, eta zenbait joan-etorriren ostean 2016an rock eta blues soinu akustikoagoetan murgildu ziren gasteiztarrak.

Hogei kantu inguruko errepertorioa du Noveno in Blues-ek, eta denak dira taldeko kideen artean sortutakoak, ez dute beste batzuen bertsiorik egiten. Ordu eta laurden inguruko kontzertua izango da bihar iluntzekoa, eta Sastiña kanpoaldean edo barruan izango da, eguraldiaren arabera.

Gainerako taldeak

Krisketa taldearena, hauek ere gasteiztarrak, izango da bigarren emanaldia, datorren astekoa. "Folk zale talde bat" bezala aurkezten dute euren burua; beste talde batzuetan ibilitakoak dira kide gehienak, eta oraingo proiektuarekin zeltiar folk dantzak eta abestiak jotzen dituzte, Galiziatik hasi, kantaurialdeko lurraldeetatik pasa, Bretainiara, eta Irlandaraino joanaz, Italiako dantzaren bat ere joz. Eurek sortutako abestiak ere jotzen dituzte tartean. Gaita, whistles, txirula, biolin, perkusio, gitarra, ukelele eta ahotsez sortutako doinuak dira Krisketakoek egiten dituztenak.

Marrate musika bandaren saioa izango da hurrengoa. Ordua eta lekua aldatu egingo dira, kasu honetan; gainerako kontzertuak 20:00etan eta Sastiñan izango dira, eta hau, berriz, 20:30ean eta kultura etxean.

Bastidako taldea da Marrate, 30 lagun inguruz osatua, ohiko musika banda, baina doinu "modernoagoak" egiten dituena, Juanma Saez zuzendariaren arabera. Tradizio handiko banda da, gainera, XIX. mende amaieran sortu baitzen; gerrak eta bestelako gorabeherek eraginda eten luze xamarra izan zuen aurreko mendeko erdi aldera, eta ospatu berri dute jardunaren berreskurapenaren 25. urteurrena.

Eta Red Crabs talde gasteiztarrak itxiko du iraileko Sastiñako Musika Festibalaren egitaraua. Ahots, gitarra, baxu elektriko eta bateriaz osatutako talde honek soul eta funk estiloetako bertsioak egiten ditu, batez ere –The Jackson 5, Nina Simone, Ottis Redding, Amy Winehouse, Steavie Wonder...–, nahiz eta euren zenbait abesti ere badituzten errepertorioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak