Solobarrira doan bidea konpondu egingo dute

Julen Iriondo 2018ko uzt. 28a, 16:07

Barajuengo horretaz gain, beste hainbat obra ere egingo dituzte udalerrian, aurreko osoko bilkuran udalbatzak onartutako kreditu gehikuntzan jasotako baliabide ekonomikoak erabiliz. Ibarrako ikerketa hidraulikoa ere egingo dute, esate baterako.

Aurtengo likidazioa ere positiboa irten dela-eta, soberakineko zenbait mila euro hainbat obra egitera bideratzea erabaki zuen udalbatzak aho batez ekaineko osoko bilkuran.

Udalak eskaria egin zuen Barajuengo azpiegitura eta zolaketa lanak Foru Planaren bitartez finantzatzeko, baina ezezkoa erantzun diote. Obra handia da, eta dena batera egiteko dirua noiz lortuko duten jakin ezin denez, auzoan behin-behineko zenbait konponketa egitea eta Solobarri baserrira eta ondoko gaztandegira doan bidea konpontzea erabaki dute –Udalaren baliabideak erabilita–, egoera gero eta okerragoa delako.

Solobarrirako bideak denbora luzea darama egoera txarrean: "Lehen sektoreko enpresa bat dago hor, eta herri honetan garrantzitsuak dira horrelako enpresak ere. Eta, gainera, bide horretan sarri egin ditugu partxeak, eta berriz hondatzen da", zioen osoko bilkuran Lierni Altuna alkateak.

Solobarriko bizilagun Pedro Ruiz de Azuak pozik hartu du bidea konponduko dutenaren berria; zorua berritzeaz gain, arekak egin beharko dituzte. Inguruko egurra bide nagusira zuzenean jaisteko beste pista bat izan arren, hura erabili beharrean kamioiak euren etxe aurretik ibiltzen direla-eta, bidearen egoera okertu egin dela dio Solobarrikoak: "Bide honek ez du oinarri sendorik, lehen gurdi bidea izandakoa da-eta". 85.600 euro aurreikusi dituzte lanotarako.

Beste lan batzuk: 14.800 euro bideratuko dituzte Ibarrako ikerketa hidraulikoa egitera – Foru Aldundiak eskatu du egiteko, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin lotuta–. Honekin batera, beste 14.300 euro bideratuko dituzte Zabola eta Untzilla arteko errepide azpiko Aldapa pista konpontzera. Goiko errepidearen ur arazoak tarteko, zati batzuetan itxita dago pista; ondorioz, inguruko pinudiak irteerarik gabe daude.

Zabolako saneamendukoak dira egingo dituzten beste lan batzuk, 7.000 euro inguruko aurrekontuarekin. AHTaren lanek sortutako eragozpenak dira, eta ADIFi behin eta berriz eskatu dio Udalak konpontzeko, baina, egiten ez dutenez, Udalak berak egitea erabaki du.

Kreditu gehikuntzako diruarekin egingo dituzten beste lan batzuk dira: babes kopien sistema hobetzea eta zerbitzari berria jartzea (4.700 euro); Azkoagan bideko kutxatilak eta arekak ondo jartzea (3.900); botatzekoak diren basoen tasazioa (3.000); Matxain kaleko arekak (2.200). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak