Atzoko etxafuegoetatik, biharko haurren jolasetara, Aixolan jaia jaun eta jabe

Xabi Gorostidi 2018ko uzt. 14a, 18:58

Asteburu osoan jai giroa izan da Aixolan protagonista. Atzo gauean, giro paregabea jarri zuten Juilo Soto eta Aitor Mendiluze bertsolariek, trikitilarien laguntzarekin. Gaurkoan bizikleta lasterketa, mus eta briska txapelketa eta kalejira egin dituzte, eta gau partean dantzaldi elegantea izango dute zain.

Atzoko bertso saioan umorea izan zen osagai nagusietako, hein handi batean, bertsolariek auzotar jakin batzuen laguntza izan zutelako. "Urtero egoten da bertsolariei pistak ematen dizkien auzotarren bat. Ikusleak zirikatzeko eta xaxatzeko laguntza hori asko eskertzen dute bertsolariek, eta horri esker umore puntu gertukoa ematen diote saioari" azaldu du antolatzaileetako batek.

Bertso saioan zehar trikitilarien laguntza izan zuten bertsolariek, etenaldi txikiak musikaz estaltzeko. Behin bertso saioa amaituta, trikitilariek saio txiki bat egingo zuten Aixolako plazan.

Gaur goizean bizikletak izan dira protagonista. Adin tarte guztietako 30 lagunek parte hartu dute, eta horien artean bi lagunen arteko apustua ere izan da. Bazkal ostean, mus eta briska txapelketaren heldu da, eta lehen partidak jokatu eta gutxira, Aixolatik Arriolarako kalejira abiatu dute.

Ostean, berbapasie jokoari ekingo diote. "Aramaioko jaietatik inportatu dugun joko bat da, binaka jokatzen dena. Hitz konkretu baten esanahia asmatzean datza, baina horretarako hainbat arau jarraitu behar direlarik: antzerako hitz batetik hasten da dedukzio jokoa –hitz bakarra izan behar da, eta euskarazkoa–, eta ondoren pisten bitartez hitz konkretua asmatu behar du zure bikote kideak".

Bihar, abesbatzarekin egindako mezarekin hasiko dute jai eguna, eta ostean kantu saio berezi bat egingo soinu bat eta traktore bat baliatuz. Eguna borobiltzeko, ordea, haurrentzako jolasak egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak