Ohiko kalejira eta animazioarekin batera –trikitilari, txistulari, batukada, txaranga eta elektrotxaranga–, bestelako musika eskaintza ere izango da aurtengo jaietan. Hasteko, barikuan, familientzako erromeria izango da plazan, DJ NAIrekin: Mugi Dubi Doo. Txosnetan, berriz, bestelako doinuak egongo dira entzungai; gauerdian hasita, Bad Sound System eta Ziribulio Sound Kolektiboa.
Euskal Herriko hip-hop eta reggae eszenaren aitzindari, musika estilo hauek maite dituenarentzat nahitaezko erreferentea da Bad Sound System; zuzeneko indartsua dute. Ziribulio Sound Kolektiboak, berriz, reggae, dancehall, rap eta jungle generoak jorratzen ditu.
Sonidos de Mexico mariatxiak, zapatuan
Euskal Herriko beste zenbait herritan euren emankizuna eskaini eta gero –Arrasaten eta Tolosan izan dira, adibidez, sanjuanetan–, Aramaiora datoz bihar Sonidos de Mexico mariatxiak. 20:00etan kalejira egingo dute eta 23:30ean, saioa.
%100 Tijuanakoa da taldea, Behe Kaliforniakoa (Mexiko); Ez da ibilbide luzekoa, zazpi urte daramatzate elkarrekin musika egiten, baina batean eta bestean dihardute euren herrialdeko ohiko doinu alaiak zabaltzen, beraien jantzi tipiko eta betiko instrumentuekin.
Txosnetara itzuliz, Arkada Social, Nevadah eta WC taldeak ariko dira zapatuan, gauerditik aurrera, kasu honetan ere. Arkada Social boskote arrasatearra Lleidako Kalikenyo Rock jaialdi entzutetsuan bere streetpunk doinuak arrakasta handiz plazaratzetik dator; Nevadah durangarrek, berriz, australiar ukituko rock and rolla ekarriko dute Aramaiora; berriki plazaratu dute bideoklip berria, We're coming to you abestiarena, ikusi eta entzuteko modukoa, zalantzarik gabe. Azkenik, WC, arrasatearrak hauek ere, azkenaldian herrian sortutako talde bakan horietako bat, rock and roll talde gaztea, "inork entzun nahi ez duena esateko" sortua.
DJ Bull, amaitzeko
Astelehenean, eta hau ere txosnetan, DJ Bull izango da jaiei amaiera emateko arduraduna, musikari dagokionez. 01:00etan hasita, askotariko musika jarriko du, ohi bezala.