Azkoagakoek egubakoitzean hasi zituzten auzoko festak –gaur emango diote bukaera egitarauari–. Zehatz esanda, mezarekin eta osteko parrila janarekin hasi dute eguna; txorizoa, odolkiak eta hirugiharra jateko aukera izan dute bertaraturikoek. Eguraldia lagun, gustura ibili dira auzotarrak.
Eta, ostera, arratsaldean emango diote segida ekintza sortari. Gaztetxoendako jolasak antolatu dituzte 17:00etarako. "Puzgarriez eta birziklaturiko materialez egindako jolasez gozatzeko aukera izango dute neska-mutikoek. Bi auzotarrek egindakoak dira azken horiek", argitu dute antolatzaileek. Bestetik, mus txapelketak du aurtengo ospakizunei bukaera ematearen ardura –18:00etan hasiko da–.
Auzotarrak, "pozik"
Euren aldetik, antolatzaileak "pozik" dira asteburuak emandakoarekin: "Eguraldi paregabea izan dugu. Eta, beraz, ekintzetan parte hartzera animatu da jendea. Auzotarrak ez ezik, Aramaioko beste lekuetako jendea ere izan dugu hemen".
Besteak beste, San Juan bezperako sua dakarte gogora –zapatu gauean egin zuten–. "Hitzordu polita da; bitxia, oro har. Indar handiko sua egiten dugu. Eta, ostean, sorginak agertzen dira –gaur-gaurkoz, ez dugu sorginik erretzen", aitortu dute.
Beheko zenbait argazki, Juanito Saizarrek utziak.