Lumen-ek zabalduko du gaur Sastiñako Musika

Julen Iriondo 2018ko eka. 8a, 14:41
Lumen taldea.

Hiru barikutako saioekin osatuta egongo da festibala. Urko Buruaga izango da hurrengo astean, eta Last Infusion hirugarrenean. Musika lasaia eskaintzen duen zikloa da, "hazten ari diren taldeekin", Itxaso Aspiazu Kultura teknikariaren arabera.

"Formatu txikiko emanaldiak, hazten ari diren taldeekin" dira Sastiñako Musika festibalaren barruan eskainiko dituztenak. Folka, indiea, popa... askotariko estiloetako musika "lasaia" izan ohi da ekaineko egitarau honetan, eta oraingorako aukeratutako taldeek ere halako ezaugarriak dituzte.

Lumen bikoa da gaurko protagonista. Endika Caño de Miguel eta Ander Elizondo gitarra akustikoekin aterako dira jendaurrera, eta ikasturte hasieran kaleratutako maketako sei abestiak eta zenbait bertsio joko dituzte. Endika Caño de Miguelen arabera, Gotzon Barandiaranen eta Gorka Urbizuren Katamalo taldea izan daiteke euren erreferentzia: "Poesia eta musika uztartzen ditugu, zenbait letra errezitatu egiten ditugu eta beste batzuk musika jarrita kantatu".

Letrak eurek sortutakoak dira, Joseba Sarrionandiaren bat eta Dylan Thomasen beste bat izan ezik. Askotariko gaiak jorratzen dituzte letrek, baina "intimista" moduan sailka daiteke Lumenen emanaldia. Bertsioei dagokienez, Katamalo beraren abesti bat jotzen dute, eta baita Negu Gorriak eta Deabruak Teilatuan taldeen abestiak ere.

Datorren asteko saioan, berriz, aldaketa izan da. Aramaioko trikitilarien saioa zegoen aurreikusita, baina disko baterako grabaketagatik posible ez zaielaeta, Urko Buruaga kantautore gasteiztarra izango da Sastiñan. Pop, folk eta rock kutsuekin, letrek indar handia dute haren zuzeneko intimoan.

Hilaren 22an, azkenik, Last Infusion taldea izango da. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira.

Bi abesbatza ere bai

Musika eta kantu zaleek data bete-beteak dituzte datozenak. Izan ere, Sastiñako emanaldiei bi abesbatzaren saioak ere gehitu behar zaizkie. Bihar, zapatua, Laudioko Arte On eskolaniak egingo du saioa, 19:00etan kultura etxean, Vital Fundazioaren ekimenez.

Hurrengo zapatuan –hilak 16–, berriz, Goikobalu abesbatza izango da San Martin elizan emanaldia egingo duena, 19:00etan hau ere. Duela bi urte programazio oparoa prestatu zuten herrian Bizente Goikoetxearen heriotzaren mendeurrena zela-eta, eta erabaki zuten urtero egitea zer edo zer konpositore aramaioarraren oroimenez. Oraingo honetan Arrasateko Goikobalu izango da bere emanaldian haren abestiren bat abestuz-edo Goikoetxearen oroimenari keinu bat egingo diona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak