Parte hartze prozesurako Hiritikat –parte-hartze prozesuetan jarduten duena– eta Olgeta –jolasak, parketa, espazioen erabilera pedagogikoak...– enpresak kontratatu ditu Udalak. 5.203 euroko aurrekontua du prozesuak.
Aurten bi inbertsio daude aurreikusita ingurune hartan: ur parkea –honek bere prozesua darama eta irailerako eginda egotea da asmoa– eta parke txikia. Azken hau parte-hartze prozesu honetan irteten den emaitzaren arabera egingo da.
Udalak hainbat galdera utzi ditu airean, parte-hartze prozesuaren berri emateko prestatutako mezuan: "Parkea nola hobetu dezakegu denon artean? Ze behar ase beharko lituzke? Irakurtzeko txoko bat izan beharko luke? Nerabeek edo jubilatuek gehiago erabiltzeko zer beharko litzake?".
Parte-hartze prozesua aste honetan abiarazi dute, eskolan, ikasle, irakasle zein jantokiko langileekin egindako saioekin –haur eskolako hezitzaileekin ere egingo dute beste saio bat–. Hau osatzeko, umeekin batera parkea erabiltzen duten guraso, zaintzaile eta abarrei egin diete deia eguenerako. Geroago egingo dute beste saio bat herritar orori zuzendua.