Ari da bere bidea egiten Eguzkierripa Rock jaialdia, eta aurtengoa hamargarren edizioa du dagoeneko. Hori ospatzeko, eta jaialdiaren bueltan sortzen den giroa kalera ere zabaltzeko asmoarekin, barikukoa gehituko zaio zapatukoari.
Askotariko ñabardurekin, baina edizio rockzalea izango da aurtengoa, nahiz eta izango diren bestelako kutsudun emanaldiak ere: Pelax, akustikoa, eta Sara Alonso, horren adibide. "Normalean baino talde ezagunagoak izango ditugu; Rotten XIII nafarrak, esaterako. Kartel potentea egin nahi izan dugu, eta oso gustura gaude", dio Aramaioko Gazte Asanbladako Unai Etxenausiak.
Edizio honetako beste aldaketa bat izango da zapatuko kontzertuetan talde bat gehiago ariko dela, eta, ohi bezala, herriko taldeek ere izango dute lekua egitarauan: Alonsorekin batera, Libertad Condicionalek, Xementeriok eta ERMk, hain zuzen ere.
Barikuan, gaueko kontzertuen aurretik, ekitalditxo bat izango da plazan, Eguzkierripa Rocken hamargarren edizioaren harira. Zapatuan, berriz, bazkari ostean, eta iaz hasitako bideari eutsiz, antzerkia izango da, Txabela Bragas ondarrutarren eskutik; antzezlan berria estreinatuko dute.
Erasoen kontrako protokoloa
Aramaioko talde feministarekin –sortu berria– landutako eraso matxistei erantzuteko protokoloa martxan izango da Eguzkierripa Rocken: "Beharrezkoa ikusi dugu, orain arte jai giroan isilean geratu diren kasuengatik, eta etorriko direnak geratzeko", esan dute Asanbladako kideek.