Azken bi zozketak gaur eta hurrengo barikuan izango dira –ONCEren kupoitzarraren zenbaki sarituaren azken hiru zifrak hartzen dira kontuan–, eta txartelek euro bateko prezioa dute. Saria, otarrea, ikusgai egoten da ekonomatuan.
Taldearen jardunari dagokionez, hilabete pasatxo baino ez da falta urteko hiru hitzordu garrantzitsuenetako baterako; Gabonen bueltan izaten da bat, Arabako Haur Abesbatzen Egunean beste bat –apirilaren 21ean izan da 2018koa, Gasteizen– eta herriko jaietan hirugarrena: "Aurtengoa desberdina izango da, ez da ohiko abesbatza kontzertu bat izango, agertokira irten eta abestu; guretzako nahikoa muntaia handia izango da aurtengoa", dio abesbatzako Maria Izagak jaietakoari buruz.
Zehaztasun gehiago eman gabe, "sorpresa" izatea nahi dutelako, baina Izagak dio, baita ere, adin tarteka banatu gabe denek batera egingo dutela aurtengo saioa. Bihar, zapatua, dute ekainaren 28ko emanaldia prestatzeko hurrengo entsegua.
25 kantari
Gaur egun, 1995. urte inguruaz geroztik jaiotako 25 lagun inguruk osatzen dute Papargorri haur abesbatza. 2002an sortu zenetik bestela ere izan den arren, une honetan gehixeago dira nagusitxoenen multzokoak umeak baino: "Eskolaz kanpoko ekintzen araberakoa izaten da hori sarri. Aurten zenbait ekintza berri jarri dituzte, eta neska-mutikoek denetik probatzeko joera dute", dio abesbatzako Blanca Mendialduak.
Horrela, sarri, lehen urteetan, jarraikortasunik gabea izaten ei da neska-mutikoen parte-hartzea abesbatzan; bestela izaten da behin zaletasunak egonkortuta.
Eta ez bakarrik kopuruz, mailaz ere ondo dabiltza abesbatzako nagusienen taldetxoa osatzen dutenak, eta baita ardura hartzez ere: "Larraitz Arriolabengoa zuzendariaren laguntzaile lanetan ibiltzen dira horietako zenbait, eta hark asko eskertzen du haien ekarpena", dio Mendialduak, abesbatzaren "osasun ona" nabarmenduz. Abesbatzako kideen artean, bestalde, hiru dira mutilak, "oso kantari onak".