Gaurkoan eguraldia ez zen lagun. Horri kontra eginez, jende asko erakarri du Lorabarri Asteko azokak. Era askotako produktuak izan dituzte eskuragai: gazta, barazkiak, barazki landareak, loreak... Bertakoak, horietako asko. "Ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko harreman zuzena ahalbidetzen dute halakoek. Eskertzekoa da hori", esan du erosle batek. Bestetik, Gurasoen Elkartekoek ere bat egin dute hitzorduarekin: pintxoak eta edatekoa izan dute eskuragai.
"Pozik gaude Lorabarri Astea ematen ari denarekin. Askotariko ekintzak izan dira astean zehar; adin guztietako herritarrek izan dute zertaz gozatu. Eta harrera izan dute hitzorduek. Gaurkoan ere jende asko hurbildu da ekoizleen salmenta postuetara", aitortu du Irati Mujikak, egitasmoaren bultzatzaileetako batek. Besteak beste, "bestelako kontsumo ereduen" inguruan jardun dute jardunaldiotan.
Azken ekintza, iluntzean
Azkenik, Captain fantastic filmarekin emango diote bukaera Lorabarri Asteari. Gaur eskainiko dute ikus-entzunezkoa, 21:00etan, herriko kultura etxean.