Legutioko kultur etxeak hartu du gaur XXIII. Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala, eta bi aramaioar ibili dira bertan txapelaren bila: Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi. Ofizioka, zortziko nagusian, hiru bertso; ofizioka, zortziko txikian, beste hiru; puntuari erantzun; eta bakarkako gaiari bi bertso jarri. Hori izan da finalistek egin behar izan duten lana, eta behin bota beharreko bertso guztiak bota ostean, Ugarte izendatu dute irabazle etxea goraino bete duten 120 gazte ingururen aurrean.
2017ko Arabako txapeldun Oihane Perearen eskutik jaso du saria Aitor Ugartek, eta honek Xabi Igoa anaiari eskaini dio saioa, hark emandako aholkuei eta animoei aipamena eginaz.
Aroa Arrizubieta gasteiztarra izan da bigarrena finalean, eta bai bera eta baita Aitor Ugarte ere izango dira Arabako ordezkariak ekainaren 9an jokoan egongo den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean.
''Nahiko ziur eta eroso''
Bestela ezin zitekeen moduan, txapela irabazita oso gustura agertu da Aitor Ugarte: " Saio osoan zehar nahiko ziur eta eroso sentitu naiz. Egun polita izan da". Egin beharreko ariketa guztietan erregulartasunez aritu dela gaineratu du irabazleak, eta ekainaren 9ko finalaz galdetuta, gogoz dagoela gaineratu du: "Sari potoloa da. Aurreko urtean ian nuen Saran finalean abesteko aukera, eta oso pozik nago, disfrutatzeko eguna da eta".