"Herri galdeketen eta Herritarron Itunaren urtea" izango dela 2018a adierazi zuten GEDko kideek Sastiñan egindako ekitaldian. Erabakitzeko eskubidea lortu ahal izateko 2019 arrazoi batzea da asmoa (datorren urteari begira), eta arramaioarrak ere arrazoiak ematera animatu zituzten. Sastiñan bertan eman zuten euren arrazoien berri Xabi Igoa, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi bertsolariek, eta gainerakoek, helbide elektroniko bidez bidali ahal izango dute; hona: gureskudagoaramaio@gmail.com. Arrazoi horiek, gero, Herri Ituna osatzeko bidaliko dituzte.
Ekainaren 10eko giza katea
Donostia, Bilbo eta Gasteiz elkartuko dituen giza katea (201,9 kilometro) antolatzen dihardu azken hilabeteotan GEDk. Aramaioarrak Gopegira joango dira giza kate hori osatzera, 189. kilometrora. 250 lagun inguru behar dituzte han, eta hiru autobus jartzeko asmoa dute horretarako.
Antolatzaileek adierazi zuten izena ematen hastea komeni dela lehenbailehen: "Bi autobus mota izango dira. Batzuek gure kilometrora eramango gaituzte eta bukatutakoan herrira ekarri bueltan; eta besteek, giza katea bukatutakoan Gasteizen egingo den jaialdira eramango dituzte herritarrak". Izena eman daiteke GEDren webgunean sartuta edo herriko kideei jakinarazita. Giza katera doazenek zapi bana jasoko dute, kate hori osatzen laguntzeko. Era berean, kamisetak ere salgai dituzte, eta datozen asteotan kalean izango direla horretarako iragarri zuten.
"Pausoa emateko sasoia da, norberak, ahal duen neurrian, aletxoa jartzeko sasoia", adierazi zuten GEDko kideek.