Bihar du azken geltokia 2018ko Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa Txapelketak, Gasteizen, urtarrilean hasitako bideari amaiera emanez. Hiru talde ariko dira nor baino nor gehiago, txapelaren lehian: Errekaleor Bizirik! –Gasteiz–, Txandrio – Arabar Errioxa– eta Ibabeko Bertaren Ilobak. Azken hauek izango dira Aramaioko ordezkariak final handian.
Egun osoko festa izango da biharkoa. Izan ere, 12:00etan, Gasteizko muinoan kokatuta dagoen Landatxo kiroldegitik hasita, idatzizko eta bat-bateko taldeak arituko dira tabernaz taberna kantuan. Gero, bazkaria egingo dute, eta arratsaldean izango da finala, 17:00etan.
Aramaioko taldeari dagokionez, Andere Arriolabengoa taldekideak aitortu du "familia giroan, lagun artean" pasa dutela txapelketa, eta oso gustura azaldu da orain artekoarekin: "Asko disfrutatu dugu. Saio bakoitzak bere momentuak eduki ditu eta tokatu zaizkigun hiru taldeekin oso gertuko harremana izan dugu. Lehiatu baino gehiago, gozatu egin dugu bertsotan". Saioetatik lehia desagertzea lortu dutela onartu du. "Oso lagunak gara, konfiantza handia dago gure artean eta elkar babesten gara".
Finalera begira jarrita, baina, txipa aldatu beharko dutela dio: "Helburu nagusia ondo pasatzea da, hori garbi dago, baina behin finalera iritsita, txapela Aramaiora ekartzea da bigarren helburua", adierazi du baikor.
Txapela irabazteko aukerei begira jarrita, Arriolabengoak "oso ondo" ikusten du taldea: "Agur kolektibo bat egin beharra daukagu; oso ondo pasatzen dugu gure agurrekin eta finalean ere ez da gutxiago izango. Txapela irabazteko aukerekin ikusten dut taldea".
2010eko txapeldunak
Kuadrilla Artekoaren lehenengo edizioa 2010ean egin zuten eta talde berau izan zen edizio hori irabazi zuena. Beraz, hura errepikatzeko asmoarekin igoko dira oholtza gainera.
Sarrerak, bihar
Finalerako txartelak bihar bertan jarriko dituzte salgai Landatxon. Bazkideek eta 6 eta 16 urte bitartekoek hiru euro ordaindu beharko dute sarrera, eta gainontzekoek, bost euro.