Arabako mus txapeldun dira Arrizabalaga ahizpa aramaioarrak

Eneko Azurmendi 2018ko mar. 2a, 11:19
Elena eta Ana Mari Arrizabalaga, txapelarekin, Eki tabernan. Argazkia: Itziar Axpe.

Euskal Herriko X. Mus Txapelketaren baitan, Arabako txapela jantzi zuten pasa den asteburuan Ana Mari eta Elena Arrizabalaga ahizpek, Gopegin (Zigoitia) jokatutako finalean. Martxoaren 10ean final nagusia jokatuko dute, Uztaritzen (Lapurdi), eta Ramon Nafarrate eta Amaia Belloso senar-emazteak ere izango dira final horretan.

Primerako esperientzia" izan dela azaldu du ahizpetako batek, Ana Mari Arrizabalagak. "Ez genuen espero iritsi garen lekura iristerik. Baina sentitzen dugun poza handia da, benetan", azpimarratu du. Onartu du "sekula" ez zutela esango txapela jantziko zutenik, eta sentsazio "benetan polita" izan zela dio.

Txapelketak aurten betetzen ditu hamar urte, eta, orain arte, ez da emakumez osatutako bikote irabazlerik izan; Araba mailan, behintzat. "Horrek are gehiago pozten gaitu. Gauza handia lortu dugu", adierazi du Ana Mari Arrizabalagak.

Garaipena lortzeko gakoa "lasaitasuna" izan dela azaldu du aramaioarrak. "Oso lasai aritu gara txapelketa osoan. Ingurukoek ere esan ziguten gustatu zitzaiela nolako lasaitasunarekin egin genien aurre partida guztiei". Bestalde, ahizpak izateak ere mesede egin duela uste du. "Lagundu zigun ahizpak izateak. Batzuetan, haserretu ere egiten gara, baina finalean primeran konpondu ginen, eta hori ere irabazteko beste gakoetako bat izan zen. Pentsa, aurkariak lasaitzen ere aritu ginen", azaldu du.

Lortu duten balentria are handiagoa da, kontuan hartuta hiru urte besterik ez dela musean jokatzen hasi zirenetik. "Jubilatuen Elkarteak antolatutako ikastaro batean ikasi genuen. Bost emakume eta gizon bat hasi ginen. Gainontzeko gizonekin nahastuta, txapelketa misto bat egin genuen, eta, ondoren, etxean jokatu eta jokatu, praktika irabazten joan gara".

2.200 bikote inguru

Urteroko formatuari jarraituz, aurtengoan ere hiru zatitan banatu da sariketa, Euskal Herriko Mus Federazioko arduradun Raul Gartziaren esanetan. "Lehenik, herri eta auzo mailetako txapelketak egiten dira, bakoitzak bere jokatzeko modu eta araudiekin. Ondoren, probintzia mailako txapelketak izan ditugu. Azkenik, final nagusia jokatuko da, Uztaritzen", dio.

Guztira 2.200 bikote inguruk parte hartu dutela adierazi du Gartziak. "Horrek esan nahi du 4.400 parte-hartzaile direla, eta hori kopuru handia da".

Final nagusia

Probintzietako txapelketen ostean, Euskal Herriko final nagusia jokatuko da martxoaren 10ean Uztaritzen, eta 128 bikote ariko dira nor baino nor gehiago. Probintzia bakoitzeko irabazleak eta puntuazio altuena duten beste hainbat bikote ariko dira. "Probintzia bakoitzean, parte-hartzaile kopuruaren arabera, bikote kopuru bat sailkatzen da finalerako. Aurten, Nafarroako 32 bikote izango dira, Gipuzkoako beste 32, Arabatik hamazortzi, Nafarroa Beheretik beste hamazortzi, Bizkaitik hamabi, Lapurditik beste hamabi eta Zuberoatik lau".

Arabako ordezkarien artean, Aramaioko bi bikote izango dira final horretan: Elena eta Ana Mari Arrizabalaga ahizpez gain, Ramon Nafarrate eta Amaia Belloso senar-emazteak ere bai.

Zaila izango dela jakitun diren arren, Ana Mari Arrizabalagak adierazi du irabaztera joango direla. "Behin haraino joanda, irabazteko ahaleginak egingo ditugu, ea zortea lagun dugun. Ikaragarria izango litzateke irabaztea. Hala ere, ondo pasatzera eta disfrutatzera joango gara".

Aramaioko saioa

Urtarrilaren 21ean jokatu zen Aramaioko kanporaketa eta Ramon Nafarrate eta Amaia Belloso senar-emazteak izan ziren garaile. Elena eta Ana Mari Arrizabalaga ahizpak, berriz, txapeldunorde izan ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak