Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren lehen fasea ederki joan da Aramaioko bi taldeentzat; espero baino hobeto ere bai batzuentzat, hala dio Aramaixoko sobrak taldeko Paula Amilburuk: "Oso ondo joan da orain artekoa; geuk ere ez genuen espero, agian, Aramaioko B taldea izanda. Oso gustura amaitu ditugu saio biak". Horrez gain, saioetara jende berria erakartzen ari direla-eta ere, pozik Amilburu: "Aramaioko saioan erantzuna izugarria izan zen, ez genuen espero 40 gazte batzea, normalean bertsozaleak ez direnak, gainera".
Orain, gaurko finalaurrekoan –19:00etan, Araian– Arabako Errioxako Txandrio taldearekin kantatu beharko dute. Aramaioko beste taldea, Ibabeko Bertaren bilobak, hurrengo zapatuko finalaurrekoan ariko da, Amurrioko gaztetxean, Gasteizko Bapateroak taldekoekin batera: "Talde horretan dago egungo Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna, Aroa Arrizubieta –Abra sariketa ere irabazi du...–, eta lehia polita izango da bi taldeen artean", dio Aramaioko taldeko Andere Arriolabengoak.
Kuadrilla Artekoaren bigarren fase honetan, gainera, lan desberdinak egin beharko dituzte, lehenengokoekin alderatuta. Beste aldaketa bat da fase honetako saioak areto formatukoak izango direla, mahaiaren bueltakoak barik. Martxoaren 3an Sastiñan jokatuko da azken finalerdia: Sumendi bete poto eta Errekaleor bizirik! Litekeena da finalerako hiru txarteletatik bi Aramaioko taldeentzat izatea; ondo legoke: "Bai, bai, erakusteko sobran daudenak eurak direla", dio, umorez, Paula Amilburuk.