Ipuinek euskarazkoak –batuan edo euskalkian– eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Lanen gutxieneko luzerak halakoa behar du kategoriaz kategoria: Lehen Hezkuntzako lehenengo ziklokoen lanek, luzera librea; bigarren ziklokoenek, orri bat; hirugarren ziklokoenek, bi orri; nagusienek, hiru orri. Lanak kartazal handi batean aurkeztu beharko dira, gainean Txirritola ipuin lehiaketa jarrita eta barruan egilearen datuekin.
Azken urteotan helduetan parte-hartze txikia izan dela-eta, euskara elkartekoek ahalegin berezia egin dute kategoria hau indartzeko, adin tarteak hobeto banatuz eta sari bereziak jarriz: honela, 12 eta 18 urte arteko lan onenengatik 75 eta 50 euro banatuko dituzte; 18 urtetik gorakoentzat, berriz, bi pertsonarendako asteburua eta herriko produktuekin osatutako otarra izango dira sariak. Lehen Hezkuntzako sarituentzat, berriz, 20 eta 50 euro arteko bonuak izango dira saria.