Zenbait urtetan Gazte Asanbladak antolatuta egin izan zen Inauterietako herri bazkaria –herritar guztientzat irekia izan ohi zen hura ere– egitaraura itzuli da aurten. Eta itzuli da herritar baten proposamena aintzat hartuta, bestela eguna labur geratzen zela-eta hark iradokita. Eta Udalak bazkaria antolatzea erabakita, bazkarira ere mozorro giroan sartuta joateko, aperitiboaren orduan hasiko da festa.
Honela, 13:00etan izango du hasiera Inauteri-zapatuko egitarauak: kalejira izango da Ibarrako kaleetan zehar, herriko trikitilariekin. Bazkaria, berriz, 14:30ean izango da, eskolan. Bazkarirako txartelak udaletxean eros daitezke, gaur –egubakoitza–, astelehenean edo martitzenean –hilaren 6a da azken eguna–, 09:00etatik 14:30era. Bazkariko menua izango da makarroiak eta oilaskoa –bularra umeentzat eta izterra saltsan nagusientzat–, eta postrea –goxua nagusientzat, eta umeentzat beste azkenburuko bat–. Txartelak eskuratzeko ordaindu beharrekoa da 17 euro nagusien kasuan, eta 10 euro 10 urtetik beherakoek.
Bazkalostean jarraituko du festak, eta 17:00etan mozorro desfilea izango da kiroldegitik behera, plazara bitartean. Han lehiaketa egingo da gero: talde bakoitzak egunerako prestatutako dantza edo ikuskizuntxoa aurkeztuko du. Lehiaketan parte hartzeko izena bezperara arte eman daiteke, liburutegian. Gutxienez, lau pertsonako taldeak izan daitezke, eta bakarka ere eman daiteke izena. Eta sariak ere izango dira, ohikoa den moduan, mozorro onenentzat: 90 eta 50 euroko sariak lehen eta bigarren sailkatuentzat, bai haurretan eta bai 14 urtetik gorakoetan. Mozorrorik originalenak ere izango du ordaina –izan banakakoa edo taldekakoa–: 50 euro. Epaimahaia herriko taldeetako ordezkariek osatuko dute; Alaiak erretiratuen elkartekoek, adibidez.
Txokolate beroa prestatu eta 18:30ean banatu egingo dute Itur Zuri emakumeen elkarteko kideek, eta ondoren disko festa hasiko da Sastiñan. Ilunkera girotzeaz musika jartzaile bat arduratuko da, eta tarte horretan banatuko dituzte mozorro lehiaketako sariak ere. Giro polita ziurtatuta dago, beraz, Aramaioko Inauterietan; hori bai, halakoetan kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsua izaten da eguraldiarena, eta txarra balego desfilea kiroldegian egingo litzateke.