EH Bilduk AHTaren lanek Aramaion eragindako kalteak eta arazo "larriak" salatu ditu. "Zerrenda luzea da; izan ere, 2008a ezkero lur-jausiak gertatu dira, irteera gabe utzi dituzte hainbat lursail, desjabetzeak eguneratu gabe daude eta bertako herritarrek gehiago ordaindu behar dute zergetan eta hainbat bide eta errepide guztiz suntsituta daude. 2010ean lur-jausi oso larri baten ostean, errepide nagusia itxita egon zen 18 hilabetez eta bigarren mailako beste errepide eta landa bideak erabili ziren Arrasaterako bidean. Bide hauek guztiak erabat suntsituta daude gaur egun, eta, konpontzeko konpromisoa hartu zuten arren, ez da ezer egin azken urteotan", adierazi du koalizio abertzaleak prentsa-ohar batean.
Alkatea, Gasteizera
EH Bilduk eskatuta, Lierni Altuna alkateak Arabako Batzar Nagusietako Bide Azpiegitura eta Mugikortasunaren batzordean agerraldia egingo du bihar, egubakoitza, 09:00etan. "Bizi izan dugunaren eta egungo egoeraren berri ematera noa", azaldu du. ADIFeko arduradunei ere egin die eskaera EH Bilduk, baina hauek ez dute erantzunik eman.