Otsailaren 3an –zapatua– egingo dute Aramaioko Bertso Eskolak, Triki Kalejira Trikiti Taldeak, Bizente Goikoetxea Abesbatzak eta Papargorri Abesbatzak antolatutako 2018ko santa eskea, eta, eztarriak prestatzen joateko, hiru entsegu egingo dituzte: urtarrilaren 18an eta 25ean eta otsailaren 1ean –eguenak–, kultura etxean, 19:00etan.
Esan bezala, otsailaren 3an izango da egun handia. 09:45ean abiatuko dute santa eskea, plazan, eta Ibarran eta zenbait auzotan ibili ostean –Zalgo, Arraga, Eguzkierripa...–, Iturrieta sagardotegian egingo dute bazkaria, 13:45ean. Bazkarian izena emateko azken eguna urtarrilaren 25eko entsegua izango da. Helduek 20 euro ordaindu beharko dute eta haurrek, 13.
Iaz bezala, batutako dirua Aramaioko elkarteetara bideratuko dute, gero haiek ekintzaren bat antolatuz, herrira itzultzeko baldintzarekin. Aurtengo santa eskea iragartzeko eta sustatzeko, ondorengo esaldia erabili dute antolatzaileek kartelean: Pintto eta kuadrillie ederto ibili zien igez.... Aurten be badatoz, eta zu?