Arrapala bat egin nahi du Udalak, eskolarako bidea errazteko helburuarekin

Eneko Azurmendi 2017ko abe. 22a, 09:31

Kiroldegiko aparkalekua eta eskola lotuko lituzkeen arrapala bat egitea da Udalaren asmoa.

Aramaioko Udalak diru laguntza eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari, San Martin eskolara joateko bidea irisgarri egiteko; kiroldegiko aparkalekuetako edukiontzietatik arrapala bat egin nahi dute; Jaurlaritzak udaberrian emango du erabakiaren berri.

Azken urteetan, San Martin eskola hobetzeko lanetan dabil Udala. Aurten erdisotoa egokitu ostean, eskolarako irisgarritasuna hobetzea da hurrengo pausoa. "Eskolak ez dauka irisgarritasunik. Muino baten gainean dago eta eskaileretatik edo izkinako aldapatik igotzeko aukera dago bakarrik, baina aldapa hori ere nahiko latza da", azaldu du Lierni Altuna alkateak.

Horri konponbidea eman nahian, kultura etxetik eskolara malda bat jartzea aztertu zuen Udalak, "Ibarratik eskolara joateko bide naturalena hortik izango litzatekeelako". Hala ere, aukera hori baztertu egin behar izan du, legeak markatzen duen inklinazioa baino handiagoa dagoelako. Beraz, kiroldegiko aparkalekua eta eskola lotuko lituzkeen arrapala bat egitea erabaki du Udalak.

Esan bezala, eskolara joateko irisgarritasuna hobetzea da helburua: "Bereziki, umeen karroarekin doazen gurasoendako edota gurpil aulkian daudenendako eskolara joatea erraztu gura dugu horrekin, ez dezaten arazorik izan eskolara iristeko. Baina, oro har, irisgarritasuna guztiontzako da ona", azpimarratu du Altunak.

57.605 euroko diru laguntza eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, kantitate hori da lan horiek egiteko aurreikusten dena. Orain, proposamena aztertu egin beharko du Jaurlaritzak, eta erantzuna udaberrian jakinaraziko dio Udalari.

Eskolarentzat, "beharrezkoa"

Mari Carmen Garrido San Martin eskolako ikasketa-buruak adierazi duenez, irisgarritasuna hobetzeko erabateko beharra dago, eta arrapala egoki bat egitea "beharrezkoa" da. "Arazo handiak izaten ditugu eskolara iristeko. Abendu hasieran, elur pixka bat egin zuenean, arazo handiak sortu ziren. Gainera, ikasle bat dugu gurpil aulkian, eta harentzako eta haren familiarendako ez da batere erraza. Momentu hauetan, eskolarako sarbide bakarra daukagu, eta ez dago batere ondo", nabarmendu du.

Gainera, eskolarako sarbidea aparkaleku batetik egotea ere ez du egoki ikusten Garridok. "Eskolara sartzeko, autoen artetik ibili behar izaten dute haurrek. Oraindik ez da ezer gertatu, zorionez, baina arazoak sor ditzake horrek ere", dio.

Beste fase bat

Arrapala egin ostean, beste fase batean, beheko espaloitik arrapala horretarainoko lotura bat egitea da Udal Gobernuaren asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak